Euskarari buruzko aholkuak gurasoentzako

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2019ko ira. 19a, 13:01

Gurasoek hizkuntzen ikaskuntza prozesuaren inguruan dituzten zalantzak eta kezkak argitzeko bi bideo prestatu ditu Udalak; ikastetxeko bileretan proiektatuko dira, baita washapez zabaldu ere.

"Euskaratik eleaniztasunera" eta "Desde el euskera al plurilinguismo" izeneko infografiak prestatu ditu Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak, eskualdeko gainontzeko Udalekin elkarlanean.

Infografiak aurkezteko prentsaurrekoa egin zen astelehanean, irailak 16, Eibarko Udalean. Bertan elkartu ziren Debabarreneko udaletako hainbat ordezkari tekniko eta politiko.

Debabarreneko udalek (Elgoibar, Mendaro, Eibar, Mutriku, Soraluze eta Deba), publizitate eta diseinua lantzen duen Eibarko Estilográfico enpresaren laguntza izan dute infografiak egiterako orduan.

Aurkezpenean adierazi zenez, "txikitatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea onuragarria da, eta gainera, umeek erraz-erraz ikas dezakete hizkuntza bat baino gehiago aldi berean".

Gure herrietako ume guztiek dakite euskara. Izan ere, guraso ugarik hizkuntza gorde edo ikasi dute eta orain seme-alabei transmititzeko ahalegina egiten dute. Beste askok, berriz, jatorriz erdaldunak izan arren, euskara ikasi eta garatzeko aukera eman nahi diete seme-alabei, horientzat aberasgarria delako.

Hala ere, gurasoek sarri izaten dituzte hizkuntzen ikaskuntza prozesuaren eta erabileraren inguruko zalantzak eta kezkak. Horregatik, Debabarreneko udalek gurasoentzat lagungarri izan daitekeen materiala prestatu dute, oraingo honetan Infografia formatuan.

Bi infografia prestatu dira, bata euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz. Euskarazkoa eta gaztelaniazkoa ez dira erabat berdinak, euskarazkoa euskaraz dakiten gurasoen kezka eta beharrizanei begira prestatu baita, eta gaztelaniazkoa, berriz, euskaraz ez dakitenen beharrei begira.

Material hau eskoletan ere erabiltzea da asmoa, irakasleek gurasoekin egiten dituzten bileretan bereziki, oso lagungarri izan baitaiteke euskarak eleaniztasunerako bidea errazten duela erakusteko.

Halaber, Whatsaperako bertsioak ere prestatu dira mezua ahalik eta gehien zabaltzeko.