Gaizka Urresti zuzendariaren "Jose María Arizmendiarrieta: El hombre cooperativo izenburuko dokumentala ikusi ahal izango da astearte honetan, arratsaldeko 7etan, Herri Antzokian.
Saioa Udaleko Kultura Batzordeak antolatu du, Soraluce, S. Coop enpresarekin elkarlanean.
"El hombe cooperativo" ikus-entzunezko lan bat da, bere bitartez ezagutzera emateko nor zen Aita Arizmendiarrieta, mundu osoan erreferentziazkoa den ekintzaile soziala, Mondragon Korporazioaren sortzailea, eta Euskadin mugimendu kooperatibista bultzatu zuena.
Urrestiren ustez, “Arizmendarrieta erreferente humano eta sozial bat da, eta arrasto esanguratsua utzi du gaur egun Euskadiz dugun kontzeptuan…”. Dokumentalaren prestakuntzan, zuzendariak bere generoko beste ekintzaile eta berritzaile handi batekin kolaboratu du, Kepa Junkera musikariarekin, zeinak bere lehen jatorrizko soinu banda egin baitu zinemarako.
Arizmendarrietak munduko lehen talde kooperatibista sortu zuen
1915eko apirilaren 22an jaioa Markinan (Bizkaia), José María Arizmendiarrieta apaiz ordenatu zen 1941ean eta Arrasateko parrokia batera bidali zuten. Arrasate gerraoste mingarri batean murgilduta zegoen, eta lan baldintzak izugarri zailak ziren. Udalerri hartantxe garatu zuen bere apaiz jarduna, baina apaiz jardunaz gain, herriko hainbat gazteren laguntzarekin, oinarriak ezarri zituen mugimendu kooperatibista berreskuratzeko eskualdean, eta Ekintzailetza Sozialeko proiektu berezi bat sortu zuen, mundu osoan aurrekaririk ez zuena.
Martxan jarri eta hirurogei urte geroago, Euskadiko enpresa talde garrantzitsuena da Mondragon Korporazioa. Gaur egun 70.000 langiletik gora ditu askotariko arloetan diharduten 268 enpresa eta kooperatibatan. Taldearen barruan daude enpresa aski ezagun zenbait, besteak beste Fagor, Eroski, Orona, Orbea, Lagun Aro, Maier, Mondragon Unibertsitatea edota Caja Laboral-Laboral Kutxa, eta baita ere ekintzaileak eta startup berritzaileak, Korporazioak etorkizunerako egin duen apustu sendoaren erakusgarri. Munduko kooperatiba talde handiena da, 150 herrialdetan egiten du lan, eta bere enpresa-filosofia nazioartean ikertzen eta aplikatzen da.
Izenburua: "El hombre cooperativo".
Zuzendaria: Gaizka Urresti.
Urtea: 2018.
Iraupena: 97'.