Ezozibideko jolas-parkearen adjudikazioa

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2019ko eka. 6a, 14:48

Udalak amaitu du dagoeneko Ezozibideko Arrizabaleta jolas-parke berria instalatzeko abiatu zuen lizitazio-prozedura; Novatilu enpresa izango da parkea egiteaz arduratuko dena.

Asteon adjudikatu ditu Soraluzeko Udalak Ezozibideko Arrizabaleta jolas-parkea berritzeko lanak.

Horrelakoetan derrigorrezkoa izaten den lehiaketa-publikoa egin ostean, "Novatillu" enpresa valentziarra izango da lanak aurrera eramango dituena.

Parke berriak 153 m2-ko azalera izango du eta jarriko diren jolasak 2 eta 10 urte arteko haurrentzako izango dira.

Hauek dira, zehazki, arestian aipatutako enpresak hurrengo asteetan aurrera eramango dituen lanak:

  • Gaur egun dauden haur-jolasak kentzea.
  • Haur-jolasen eremuaren luzetarako mugan dagoen egurrezko babes-hesia kentzea.
  • Espazio bereko zoladuran kokatzen diren kautxozko plakak kentzea.
  • Haur-jolasen parke berri bat hornitu eta kokatzea.
  • Haur-jolasen parkearen perimetroko zati baten babeserako hesi berri bat hornitu eta kokatzea.
  • Haur-jolasen parkean segurtasunezko zoladura jarrai berri bat hornitu eta kokatzea.
  • Lan horietan guztietan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.

Jarriko diren jolasak, aldiz, 5 izango dira:

  • Jolas anitzeko dorrea.
  • Txirrista.
  • Kulunka.
  • Trena.
  • Zabua.

Parke berriaren adjudikazio-prezioa 21.477,87€ + % 21 BEZa (4.510,35€) izan da.