Apirilaren 10ean izandako osoko bilkuran, udalerriko uraren ziklo integralaren kudeaketarako Soraluzeko Udalaren eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren arteko lankidetza-hitzarmena bost urtez luzatzea erabaki zuen Udalbatzak, aho batez.
Hitzarmenak jasotzen duenez, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da aurrerantzean ere udalerriko uraren ziklo integrala kudeatzeaz, nola goi-hornidura, hala behe-hornidura. Halaber, Ur Kontsortzioaren kontura izango dira 2029ko ekainaren 30era arte egin beharreko inbertsio guztiak ere.
Onartu berri den hitzarmenak bost urtez luzatzen du 2014an erakunde biek sinatu zutena eta 199.283 euroan handitzen du (%21) Kontsortzioak udalerriko instalazio hidraulikoak hobetzeko egin beharreko inbertsioa. Behin epe hori igarota, Udalak hitzarmena berritzea hala zerbitzua beste modu batean kudeatzea erabaki ahal izango du.
Egingo diren inbertsio berriez gainera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 92.745 euro ordainduko dizkio Soraluzeko Udalari, hitzarmenaren indarraldia luzatzeagatik.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatuko duen zerbitzuaren abonatu eta bezeroei buruzko informazioaren konfidentzialtasuna eta isilpekotasuna bermatu beharko du.