Eraso matxistaren gaitzespena

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2019ko api. 9a, 18:17

Soraluzeko Udalak gogor salatu eta gaitzetsi du joan den ostiralean gure udalerrian gertatu zen eraso matxista; gaur arratsaldeko elkarretaratzera joateko deialdia egin du.

El Ayuntamiento de Soraluze muestra su máxima condena por la agresión machista que tuvo lugar el martes en nuestro municipio y llama a concentrarse a las 19:30 horas de esta tarde.

Soraluzeko Udalak gogor salatu nahi du joan den ostiral arratsaldean gure udalerrian izan zen eraso matxista; emakume bat Gabolats kaleko estankora joan zen laguntza eske, bikotekideak eraso egin ziola adieraziz.

Udalak adierazi du emakumeen aurka ematen diren indarkeria era desberdinek (Psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa eta sexuala…) beraien osotasun eta duintasun fisiko eta moralaren aurkako eraso zuzena suposatzen dutela; ondorioz, oinarrizko eskubideen aurkako bortxaketa larri eta onartezina.

Soraluzeko Udalak gogora ekarri du eraso sexistak eta sexu-erasoak gizartean eta eguneroko bizitzan, arlo publikoan nahiz pribatuan, ematen den indarkeria matxistaren isla baino ez direla eta, hori dela eta, emakumeenganako errespetuan oinarritzen ez den jokaera oro gaitzesten duela, keinu eta jarrera sexistetatik hasi eta muturreko erasoetaraino.

Soraluzeko Udalak berretsi nahi du era honetako gaitzespenek ez dutela ezertarako balioko ez badugu barneratzen berdintasun, prebentzio, heziketa eta, batez ere, errespetu gehiagorekin bakarrik lortuko dugula emakumeek eta neskatilek momentu oro eta toki orotan pairatzen dituzten indarkeria eta jarrera matxistekin amaitzea.

Gertaera honek erakundeak eta gizarteak gure udalerrietan benetako berdintasuna erdiesteko daukagun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Ezin gara konplize izan. Era honetako jarrerenganako tolerantzia eta inpunitatearekin amaitu beharra dago. Honi dagokionean, sentsibilizazio eta prebentzio lana egiten jarraitu behar dugu, gure herriko gazteen artean bereziki, beraiek baitira etorkizuneko herritarrak. Emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen aktiboki gaitzetsi behar dugu, salatuz, ez onartuz, ixilik ez geratuz eta biktimari babesa eta laguntza emanez.

Soraluzeko Udalak elkartasuna adierazi nahi die erasotutako emakumeari eta bere inguru hurbilari eta dei egiten die herritarrei gaur, asteartea, arratsaldeko 7:30ean, Korner Morea-Soraluzeko transfeministak Plaza Berrian deitu duen elkarretaratzean parte har dezaten.