Zine aretoak goraino betetzen ari den 'Aralar, mundua leku den lurra' ikus-entzunezkoa-antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2019ko mar. 25a, 18:16

Aralar, mundua leku den lurra ikus-entzunezkoa proiektatuko dute bihar, asteartea, Herri Antzokian. Dokumentalaren zuzendariak bertan izango dira eta emanaldiaren ondoren solasaldia izango da. Zinema-aretoak goraino bete ditu bihar Soraluzen ikusi ahalko den dokumentalak.

Udaleko Ingurumen Batzordeak antolatuta, Aralar, mundua leku den lurra ikusi ahal izango da bihar, asteartea, arratsaldeko 7etan, Herri Antzokian.

Hainbat sari jaso ditu dagoeneko dokumental honek, bai hemen, baita atzerrian ere; Ukerdi Mendi Film Festival-ean Gidoi Onenaren Saria eta Kaliforniako (EEBB) MammothMountain Film Festival-ean Mendiko Kultura eta Ingurumen Saria, hurrenez hurren. Sariez gain, Alemaniako “NATOURALE” natura eta turismo film festibaleko sail ofizialean emititu da, baita 2018ko Bilbao Mendi Film Festival entzutetsuaren sail ofizialean ere.

Dokumentalaren helburua jendeak Aralarko parke naturala sakonago ezagutzea eta haren zaintzaren inguruan sentsibilizatzea da. Hori lortzeko, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan dagoen mendilerro honen balio geologiko, hidrologiko, biologiko, ekologiko eta arkeologikoaz dihardute hainbat adituk (Aranzadiko biologoak, EHU-ko hidrogeologoak, etab.), adierazpenok eta mundu oniriko bateko pasarteek kontserbaziorako deia egiten dutelarik.

Emanaldiaren ostean dokumentalari buruzko solasaldia egingo da eta bertan egongo dira dokumentalaren zuzendariak.

Soraluzeko Udalak herritar oro animatzen du ikus-entzunezko honen emanaldiaz gozatzera.

Biharko emanaldiari buruzko informazio gehiago Udaleko ingurumen teknikariarekin harremanetan jarriz eskura daiteke, telefono zenbaki honetan 943 753043 edota helbide elektroniko honetan: ingurumena.soraluzekoudala@gmail.com