Datorren aste hasieran Soraluze BHI institutuko hainbat ikasle eraikuntza lanetan arituko dira Txurruken auzunean, Herriko Hezkuntza Proiektuaren baitko sormen tailer batean.
Ikasleek, Garaion elkarteko kideen laguntzaz, zume bizia erabiliko dute beraien irudimena askatu eta egitura bizi eta aldakorrak eraikitzeko. Zume bizia landatuz, jolasgune, ezkutaleku edo egonlekuak sortuko dituzte, urtaroak igaro ahala itxuraldatuko diren espazioak alegia, eta urtean zehar, zumeak dituen aldaketak ikusi ahal izango ditugu; neguko hosto erorketa, udaberriko kimu berrien jaiotza, udako itzal fresko loredunak, uztaileko inausketak eman ditzakeen aukerak...
Elkarlana oinarri izango duen esperientzia honen bitartez beraz, ikasleak naturarekin harremanetan jarriko dira, beraien sortzailetasuna garatzeko aukera izango dute, eta sortuko den espazio berriarekiko zaintzaren garrantziaz jabetuko dira. Gainera, herri guztiak gozatu ahal izango du ikasleen sormenetik sortuko den artelanaz!
Lehen bi egunetan, Land art kontzeptua ezagutu eta ikasgeletan landuko dute proiektua. Hirugarrenean, guztion artean adostutako diseinua egikarituko dute Txurrukeneko etxeen ostean eta ibaiaren artean kokatzen den berdegunean.