Urtarrileko lehenengo Gobernu Batzordearen bileran frontoiko eraikineko leihoak aldatzeko kontratua esleitu zuen Soraluzeko Udalak, CARPINTERIA SORALUZE, S.L. enpresari, hain zuzen ere, 28.651,59 euroko zenbatekoz, BEZa barne. Honenbestez, 110.000 euro erabili ditu azken bi urteetan Udalak eraikina berritzeko lanetan.
Aurreko urtean Udalak 90.000 euro inbertitu zituen Musika Eskolak frontoian erabiltzen duen erakinean instalazio elektrikoa aldatu eta galdara berria jartzen.
Soraluzeko Musika Eskolak egoitza modura darabilen frontoiko eraikinak urte batzuk ditu dagoeneko eta, ondorioz, dezente ziren behar zituen obra eta berrikuntzak.
Defizientzia horietan handienak berokuntza-sistema eta instalazio elektrikoa ziren, arazo askoren iturri baitziren eguna joan eta eguna etorri, egungo galdarak, gainera, ez zuen indarrean zegoen legedia betetzen.
Hori ikusita, Soraluzeko Udalak inbertsio potoloa egitea erabaki zuen, instalazio elektrikoa goitik behera aldatuz eta egungo gasolio bidezko galdara gas naturaleko galdara berri eta efizienteago batengatik aldatuz.
-
Elektrizitate-lanei dagokienean, koadro elektriko berria eta larrialdietako argiak jarri ziren solairu guztietan, baita presentzia-detektagailuak ere eskailera eta pasilloetan. Lan hauek 26.707 euroko kostua izan zuten.
-
Berokuntza-sistema ere erabat berritu zen 3 zirkuitu independienteetan banatuz, modu horretan eraikineko gune bakoitzari ordutegi propioa ezarri ahal izango zaiolarik. Lanok 63.23,66 euroko kostua izan dute.
Eraikinak 200dik gora erabiltzaile ditu egunero, Musika Eskolako ikasleez gainera, ikastetxe bietako ikasle askok erabiltzen baitu lehen solairuan dagoen jangela. Hori horrela, Udal Gobernuarentzat garrantzitsua da eraikina ahalik eta baldintza onenetan mantentzea.
Urtarrilean onartu berri den aurrekontuari esker, eraikinaren bigarren eta hirugarren solairuko leihoak aldatuko dira, eraikina egin zenekoak baitira.
Modu horretara eraikinaren zaharberritzean beste urrats bat gehiago ematen du Udalak, azken bi urte hauetan 110.000 euroko inbertsioa egin duelarik bertan.