Soraluzeko Udalak etorkinentzako harrera-ikastaro linguistiko berri bat antolatu du, euskara ikasten hasi nahi duten gurera etorritako pertsonentzat.
Ikastaroaren helburua etorkinek hemengo gizartea, ohiturak, etab. ezagutzea eta euskara ikasteko lehendabiziko urratsak ematea da.
Ikastaro honetan gizartea ezagutzeko aukera ematen duten hainbat gai motibagarri lantzen dira, hala nola, aurkezpenak, zenbakiak, familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka... Ariketetan gai horietako hiztegia eta oinarrizko ulermena (kaleko errotuluak, kartelak...) landuko dira, batez ere.
Ikastaroak 60 orduko iraupena dauka, 4 ordu astean. Urtarrilaren 29an hasi eta maiatzaren 28an amaituko da. Astearte eta ostegunetan izango dira eskolak, 10etatik 12etara.
Ikastaroa doan da eta, Eusko Jaurlaritzak eta Soraluzeko Udalak finantzatzen dute.
Ikastaroa amaitzean berau egin izana ziurtatzen duen agiria jasoko dute ikasleek.
Izena eman nahi dutenek Udaleko Hizkuntza Politikaren Zerbitzura edo Ongizate Zerbitzura jo behar dute edota 943-753043 zenbakira deitu urtarrilaren 25a baino lehenago.