Alokairurako laguntzak gazteentzat

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2019ko urt. 9a, 09:15

Eusko Jaurlaritzak "Gaztelagun" programa jarri du abian; 23 eta 35 urte arteko gazteei emantzipatu daitezen alokairua ordaintzen laguntzea da programaren helburua.

Gaztelagun programa gazteak, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bidez, etxebizitzaren arloan emantzipatu ahal izateko sortu da. 

Programa Etxebizitza Sailarena da, eta urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, Euskadin datozen hiru urteotan, guztira 6.000 gazteri arreta emateko.

Laguntzak jasotzeko baldintzak

  • Gaztelagun honako baldintza hauek betetzen dituztenei zuzentzen zaie:
  • 23 urtetik gora eta 35 urtetik behera izatea.
  • Urtebetez Euskadiko edozein udalerritan egoitza eraginkorra eta etengabea eduki izana egiaztatzea.
  • Ohiko etxebizitza egonkorra errentamenduan duten etxebizitza izatea, eta errentamendu-kontratuaren titular izatea norberaren izenean edo haren errentarietako bat bezala (pisua partekatu daiteke).
  • Halaber, diru-sarreren iturri erregularra izan behar dute eta, guztira, DSBEa kobratzeko une bakoitzean indarrean dauden mugak gainditu eta 15.000 eurokoak edo baxuagoak izatea, norberaren izenean eskatzen duenaren kasuan; 20.000 eurokoak, familia-unitateen kasuan; eta 25.000 eurokoak, familia ugarien kasuan.

Laguntzaren zenbatekoa

Alokairu-kontratuaren helburu den etxebizitzaren errentak ezingo du hilean 750 eurotik gorakoa izan hiru euskal hiriburuen kasuan eta 600 eurokoa, gehienez, gainerako udalerrietan. Laguntza, gehienez, errentariak hilean ordaintzen duen errentaren % 50ekoa izango da, banako pertsona izan zein familia-unitatea izan. Baterako errentamenduaren kasuan, laguntza alokairuaren % 60ra artekoa izango da.

Inolaz ere ezingo du laguntzaren zenbatekoak une bakoitzean etxebizitzaren prestazio ekonomikorako (EPE) ezarrita duen zifra gainditu, kontuan hartuta hura subsidiarioki etxebizitzaren eskubide subjektiboari lotuta dagoela.

Emantzipaziorako laguntza denez, bizitza autonomorako proiektuaren hasieran, gazteentzako alokairurako laguntza gehienez hiru urteko epez emango da.

Laguntza hori bateraezina da babes publikoko etxebizitza bat alokairuan izatearekin edo ASAP eta Bizigune programen bidez etxebizitza pribatuak izatearekin, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta gizarteratzeko politiken ondoriozko administrazio publikoen gainerako errentak jasotzearekin, etxebizitzaren prestazio osagarria (EPO) jasotzearekin, etxebizitza prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzearekin, alokairuko gastuei erantzuten laguntzen duten udal-laguntzekin edo edozein administrazio edo erakunde publikoren laguntzekin eta alokairuko gastuekin zerikusia duten gizarte-larrialdietako laguntzak (GLL) jasotzearekin.

Bestalde, ezingo da diru-laguntzara jo, etxebizitzaren baten jabari osoaren edo erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen titular izanez gero, banantze- eta dibortzio-motiboak tarteko, hura erabiltzeko ezintasuna egiaztatu ezean, edo berariaz egiaztatutako borondatez aurkako beste edozein kausagatik bertan bizi ezin bada salbu, ez eta etxebizitzaren errentatzailearekin edo errentatzailearen bizikidetza-unitateko edozein kiderekin hirugarren odolkidetasun- edo ahaidetasun-maila arteko familia-loturak izanez gero ere.

Alokabidek kudeatuko ditu laguntzak  

Alokabide sozietate publikoa arduratuko da laguntzak izapidetu eta kudeatzeaz; eskabidea, aurretik aipatu bezala, urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu ahalko da. Epea zabalik egongo da kreditua agortu arte. Hori horrela, Etxebizitza Sailaren iritziz, 2019. urte honetarako hasierako aurrekontua 5 milioi eurokoa da, eta nahikoa da aurreikusitako eskari guztiari erantzuteko.

Bestalde, Alokabidek web-orria gaitu du (www.euskadi.eus/gaztelagun), eta, bertan, eskakizunei, derrigorrezko dokumentazioari, izapidetzeko moduari eta beste zenbait alderdiri buruzko informazio zehatza jaso da. Informazio hori, dagoeneko, eskuragarri eta zabalik dago herritarrentzat, kontsultak egiteko. Orrialdeak, gainera, test bat jaso du; bertan, galdera oso errazen bidez, eskatzen diren eskakizunak betetzen ote diren egiazta daiteke. Arriola sailburuak Gaztelagunen onuradun izan daitezkeela uste duten pertsona guztiak webean sartzera animatu ditu, laguntza eskatu aurretik informazioa eskuratzeko.

Eskabide-eredua web-orri horretatik bertatik jaso ahal izango da. Gainera, bertan, identifikazio elektronikoa izan ezean, hori jasotzeari buruzko informazioa ere egongo da, laguntzaren tramitazio osoa online egin ahal izateko. Etxebizitza Sailak izapidetzeko eredu hori sustatu nahi du; izan ere, batetik, helburu den kolektiboa teknologia digitalekin trebatuta dagoela eta erraz erabiltzen dituela uste da eta, bestetik, erosoagoa delako, ez delako joan-etorririk egin behar eta, neurri handi batean, prozesu osoa arindu daitekeelako.      

Eskabidea aurkeztu ondoren, Etxebizitza Sailak hiru hilabete izango ditu, laguntza ematen den ebazteko.