Soraluzeko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu udazken honetan udalerria sortu zeneko 675. urteurrena ospatzeko.
Soraluze 1343. urteko urriaren 15ean sortu zen, Alfonso VIII. erregeak herriaren sorrerako hiri-gutuna eman ondoren, Soraluze eta Erlaibiako herritarrek Algecirasko guduan eman zioten laguntzaren ordainetan.
Urte betetzea ospatzeko antolatutako ekitaldi-sorta horren baitan, "Soraluze atzo eta gaur" izenburua daraman argazki-erakusketa inauguratuko da gaur, arratsaldeko 7etan, kiroldegiko erakusketa-gelan.
Kontrargi Argazkilaritza Kolektiboak prestatu duen erakusketa 54 argazkik osatzen dute. Horietako 27 argazki zaharrak dira, Angel Bolunburu eta Eli Lakuestaren artxibokoak, eta aurreko mendeko Soraluze islatzen dute. Beste 27 argazkiak, berriz, gaur egungoak dira, toki eta eraikin berberak, baina ia 100 urte geroago ateratakoak, herria nola aldatu denaren adierazgarri.
Gaur egungo argazkiak Kontrargiko kide diren Fernando Oregi, Ekaitz Uzin, Mikel Valero eta Alberto Arizagak egin dituzte.
Erakusketa abenduaren 29ra arte egongo da zabalik, kiroldegiko erakusketa-gelan. Bertaratuentzat mokadu bat dastatzeko aukera izango da.
Ordutegia ondorengoa da:
- Astegunetan, 19:00etatik 20:30era.
- Larunbatak, 12:00-13:30era.