Soraluzeko Udaleko obren eta herriko mantentze lanen departamentuak bilera irekia deitu du datorren ostegunean, hilak 22, Errabal Kaleko urbanizazio lanen berri emateko.
Batzarra, esan bezala, azaroaren 22an izango da, arratsaldeko 18:30etan Herri Antzokian.
Bertan, laster hasiko diren Urbanizazio lanen berri emango da, hauen iraupena, lanen ondorioz herriko trafikoak izango dituen aldaketak eta autobus geltoki berriaren kokagunea zeintzuk izango diren zehaztuz.
Webgune honetan bertan aurreratu moduan, proiektuak Errabal kaleko 12. eta 29. atarien arteko zatia urbanizatzea aurreikusten du eta BIRG arkitektura eta hirigintza lantegiak idatzi du.
Urbanizazio lanen helburua oinezkoek eta ibilgailuek partekatuko duten plataforma bakarreko bidea eraikitzea da, oinezkoei lehentasuna emanez eta herritar ororen irisgarritasuna bermatuz.
Lanok 162.000 euroko kostua izango dute eta Artzamendi eraikuntzako enpresak burutuko ditu.