Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapeneko Batzordeak sustatuta, lursail berri bat erosi du Udalak mendigainean. Legealdi honetan Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan erosten duen bosgarren lursaila da eta, honenbestez, 77.542metro karraturen jabe egin da, 27.915,06 euroko inbertsioa burutu duelarik.
Joan den urriaren 15ean egindako bileran mendigaineko “Otso-Aldasoro” izeneko lursaila erostea erabaki zuen Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Lursaila Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan aurkitzen da, 17.789m2-ko azalera dauka eta 6.404 euroan erosi du Udalak.
Udal Gobernuaren asmoa apurka-apurka Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan dauden lurrak erosten joatea da. DEBEGESA (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako agentzia), Debemen (Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) eta Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek mendigaineko Dolmenen Ibilbidea balioan jartzeko egiten diharduten apustu garrantzitsua kontuan izanik, Soraluzeko Udalak lehentasunezkoa ikusi du lur-sail hauen erosketa burutzea proiektua aurrera eraman ahal izateko.
Esan bezala, Karakete-Hirukurutzeta mendi-lerroa balioan jartzea da bertan lur-sailak erostearen arrazoia. Herritarrentzako paraje kuttuna izateaz gainera, inguruak balio handia dauka, hala ingurumenari dagokionean, nola turismoari, paisaiari, abeltzaintzari zein ondare historikoari dagokionean ere, eta hori babestu eta garatu nahi ditu Udalak.