Arratsaldean zehar iritsiko da herriko buzoietara, uztailaren 25ean hasi eta 28an amaituko diren aurtengo Santa Ana jaietako egitaraua.
Asteazkenean, arratsaldeko 7etan kanoi danbadak emango die hasiera jaiei, iaz txupinarekin izandako ezbeharraren ostean jaiei hasiera emateko modua aldatu egin baita.
Aurtengo pregoia azaroan hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin herrian aurrera eramango den "Euskaraldia: 11 egun euskaraz" ekimeneko ordezkariek irakurriko dute.
Hortik aurrera, adin eta gustu guztietarako prestatutako berrogeitik gora ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Aurtengo egitarauan hainbat dira azpimarratzeko moduko ikuskizunak.
Uztailaren 26an "Golden Apple Quartet" laukoteak Soraluze bisitatuko du, azken urteetako kanturik onenak eskaintzeko.
Azpimarratu behar da, halaber, "Tio Teronen Semeak" taldearen dantza-ikuskizuna, uztailaren 28an, eguerdiko 13:30ean eskainiko dutena.
Helduei begira antolatu diren ekitaldien artean urtero arrakasta handiz burutzen den "Herri kantaldia" azpimarratu behar da aurten ere, herriko 50 lagunetik gora arituko direlarik eszenatoki gainean.
Gaztetxoek ere izango dute berentzako moduko ikuskizunik. Iaz izandako arrakastaren ondotik, uztailaren 28an Oihan Vega DJ bergararrak kontzertua eskainiko du Plaza Zaharrean. Aurten, gainera, Euskadi Gazteako beste esatari bat dator berarekin, "Txurru" famatua.
Aurtengo egitarau osoa HEMEN kontsulta daiteke.