Musika eskolako galdara berria

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2018ko eka. 25a, 09:44

Udalak 63.237,66 euro erabiliko ditu Musika Eskolak frontoian erabiltzen duen erakinean galdara berria jartzeko; egun dagoen galdarak ez ditu legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen.

Soraluzeko Musika Eskolak egoitza modura darabilen frontoiko eraikinak urte batzuk ditu dagoeneko eta, ondorioz, dezente dira behar dituen obra eta berrikuntzak.

Defizientzia horietan handiena berokuntza-sistemarena da ziurrenik, galdara gelarena batez ere, dagoeneko ez baititu betetzen legeak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak.

Hori ikusita, Soraluzeko Udalak inbertsio potoloa egitea erabaki du bertan, egungo gasoil bidezko galdara gas naturaleko galdara berri eta efizienteago batengatik aldatzeko.

Eraikinak 200dik gora erabiltzaile ditu egunero, Musika Eskolako ikasleez gainera, ikastetxe bietako ikasle askok erabiltzen baitu lehen solairuan dagoen jangela. Hori horrela, Udal Gobernuarentzat garrantzitsua da eraikina ahalik eta baldintza onenetan mantentzea.

Galdara berria jartzeko lanak Tarte enpresak eramango ditu aurrera eta 63.237,66 euroko kostua izango dute, BEZa barne.