Oinezkoen etorkizuneko pasabide berria

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Soraluzeko Udalak Atxuri kalea, 21 zk.ko eraikina eraisteko lehen urratsa eman du; etorkizun batean, ibaiaren alde biak elkartuko dituen pasabide berria eraikiko da puntu horretan.

Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Atxuri kalea, 21 zk.ko etxearen aurri edo ruina egoera deklaratzeko tramiteak hastea erabaki zuen joan den astean egindako bileran.

Aipatutako eraikina oso egoera txarrean dago eta, ondorioz, udalak ofizioz aurri-deklarazio espedienteari hasiera ematea erabaki du eta interesatuei 10 eguneko epea ematea alegazioak aurkezteko.

Etorkizunean, eraikina bota eta ibaiaren bi aldeak elkartuko dituen oinezkoentzako pasabide bat egitea da asmoa, hori baita Olaldeko Plan Bereziak puntu honetan aurreikusten duen aktuazioa.

Pasabide berriak gaur egun Santa Ana kalean dagoen "Errekaldeko zubia" ordezkatuko luke, azken honek ez dituelako irisgarritasun baldintzak betetzen eta dituen zutabeek presa efektua egiten dutelako.

Alkatearen hitzetan, "akordio honekin pasabide berria eraikitzeko lehenengo pausoa ematen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.