Haurren bertso jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2018ko mai. 24a, 07:45

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek urteroko bertso-saioa eskainiko dute gaur arratsaldean, ikasturtean zehar bertsolaritzaz ikasi dutena erakusteko asmoarekin.

Urteroko hitzordua dute gaur, Plaentxi Herri Ikastetxeko ikasleek bertsoarekin. Arratsaldeko 5:30ean ikasturte amaierako bertso jaialdia eskainiko dute antzokian, "Gu ere bertsotan" proiektuaren barruan urtean zehar ikasi dutena oholtzan erakusteko.

"Gu ere bertsotan" proiektua ikastetxeetan ikas orduetan bertsolaritza lantzeko proiektua da.

Euskal Herri mailan garatzen den proiektua da, 4., 5. eta 6.mailako 20.532 haur eta gaztetxok baino gehiagok lantzen dutelarik bertsolaritza ikastetxeetan. Soraluzen 5. mailan landu da aurtengo ikasturtean, guztira 3 ikasgelatan.

Proiektuaren oinarri pedagogikoa Bertsolaritzaren curriculuma Lehen Hezkuntza(Oiartzun:  Lanku  S.L, 2008) lanean biltzen da eta bertan jasotzen ditu bertsolaritzaren ikastetxetako lanketak haurren garapenari begira dituen helburuak, hauei loturiko edukiak, metodologia zein ebaluazio irizpideak. “Gu ere bertsotan” proiektuaz, hala, bertsolaritza ikuspegi globalizatzaile batetik planteatuta, 4 arlo lantzen dira: Hizkuntza, Kultura, Musika (ahotsa) eta Trebetasun Pertsonalak eta Sozialak.