Raketistak Lehen eta Orain Kultura eta Kirol elkarteak urteak daramatza joan den mende hasieran mundu osoan ospetsu egin ziren euskal emakume raketisten historia ikertzen eta ezagutzera ematen.
Ikerketa lan hori guztia dokumental batean jaso dute eta herriz-herri ari dira aurkezten, raketisten zuzeneko partidekin batera.
1917. urtera jo beharra dago raketisten berri izateko. Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak neska gazteak eraman zituen Madrilera eta handik Espainiar Estatu osora eta Ameriketara zabaldu ziren.
Garai hartan oso gauza ezohikoa zen emakume kirolari profesionalak egotea, eta gainera, emakume aintzindari haiek Euskal Herrian gaizki ikusiak izan ziren, oro har, garaiko emakume moldearekin bat egiten ez zutelako.
Raketista horietako bat Aurea Etxaniz Beitia soraluzetarra izan zen. Aureak 1942an ekin zion jokoari eta zazpi urteko ibilbide profesionala izan zuen.
Raketista hauen historia ezagutzera emateko helburuarekin bi ekintza antolatu dituzten aste honetarako Udaleko Kirol, Kultura eta Berdintasun Batzordeek elkarlanean.
- Asteartea, maiatzak 22, 19:00etan, Herri Antzokian, "Raketistak lehen eta orain" dokumentalaren proiekzioa.
- Larunbata, maiatzak 26, 19:00etan, Arane Kiroldegian, Raketisten arteko partidak.