"Eskola bidea"-ri buruzko bilera gurasoentzat

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2018ko api. 17a, 08:22

Haurren autonomia bultzatzeko helburuarekin abian den egitasmoaren baitan, gurasoei zuzendutako bilera egingo da datorren asteartean, apirilak 24, arratsaldeko 6:30ean.

"Eskola Bidea" izeneko proiektua haurren autonomia garatu nahi duen egitasmoa da; haurrak eskolara bide seguruetatik, bakarrik eta oinez joatea sustatuz eta erraztuz. Era berean sozializazio aukerak sortu eta etorkizun baterako ohitura osasuntsuak finkatzen dira.

Proiektuari aurtengo otsailean eman zitzaion hasiera eta, orain artean, haurrekin batera, eskolara joateko bideei buruzko diagnostikoa egin da, haurrek eskolara joateko egiten dituzten bideak ezagutuz eta herriko kaleetan aurkitzen dituzten oztopo eta abantailak aztertuz.

Une honetan beraz, eskolan zein kalean egindako saioetatik eratorritako ondorioak ezagutzera emateko moduan dira egitasmoaren arduradunak, eta horixe izango da datorren astearteko bilerak izango duen helburuetako bat.

Bigarren helburua helduek proiektuaren inguruan dituzten zalantzak eta kezkak partekatzea eta guztion artean hauei erantzuna ematea izango da, soilik horrela sortuko baita guztion beharrak asetuko dituen eskola bidea eta herri hezitzailea.