Martxoaren 12a eta maiatzaren 31 artean dago martxan, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa. Euskaltzaleen Topaguneak hamabigarrenez abiatu du egitasmoa Pil-pilean Euskara Elkartearekin, Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearekin, Udal liburutegiarekin eta herriko hainbat dendarekin batera.
Irakurketa sustatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, hiru horiek dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta horretarako prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:
Irakurri. Lehnengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Kanpainak irauten duen bitartean hainbat kultur ekintza antolatu dira
- Euskarazko Irakurleen Klubaren saio berezia., Jon Arretxe idazlearekin. Apirilak 9, 19:00etan, erakusketa-gelan.
- Ipuin kontaketa (Mundutik kontu kontari), 10-16 urte arteko gaztetxoentzat. Apirilak 20, 18:00 h., Herri Antzokian.
- Ipuin kontaketa (Amilami. Seaska kantakta usain belarrak entzun!), 5-8 urte artekoentzat. Apirilak 19, 18:00 h., Herri Antzokian.
- Literatur emanaldia (Porto). Maiatzak 18, 22:00 h., Herri Antzokian.