Emakumeen Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2018ko mar. 8a, 11:39

Soraluzeko Udalak Adierazpena Instituzionala kaleratu du, emakumeen eskubideen defentsarekin eta berdintasun politikekin duen konpromisoa berretsiz.

Martxoaren 8an, Soraluzeko Udalak, beste behin ere, emakumeekin, beren eskubideen defentsarekin eta berdintasun-politikekin duen konpromisoa adierazten du, ezinbesteko tresna izanik erabakiak hartzean justuagoa den gizartean aurrera egiteko eta bizitzako eta gizarteko eremu guztietan emakumeen presentzia benetakoa, eraginkorra eta orekatua izan dadin.

Azken hamarkadetan berdintasunaren arloan aurrerapenak egon badira ere, aitortzen dugu oraindik bide luzea dagoela egiteko, benetako berdintasuna lortu ahal izateko. Oraindik eremu askotan emakumeok ez dugu berdintasuna eta aitortuak izateko behar den presentzia eskuratu. Bestalde, oraindik lan handia dago egiteko, gizonek zaintzetan erantzukizun-kuotak eta dagozkien bizitza pribatuko erantzukizunak beren gain har ditzaten.

Gizartea ezin da benetan demokratikoa izan, baldin eta biztanleriaren erdiari eraso egiten dioten portaera eta jarrera matxistak ezabatzeko gai ez bagara. Eta matxismo hori, patriarkatu zaharkituenaren eta emakumeentzako kaltegarrienaren ondorio dena, eremu guztietara zabaltzen da, familia-eremura zein lan-eremura, eta modurik latzenean ere agertzen da, alegia, emakumeen aurkako indarkerian. Matxismorik gabeko gizarteak izan behar du gure helburu.

Martxoaren 8 honetan, “Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?” galderaren hausnarketak eraginda, mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdia egin du “Emakumeok planto. Nosotras paramos” lelopean. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea. Honexegatik:

  • Gure identitatea askotarikoa da, ezberdinak gara. Baserrian bizi gara eta hirian bizi gara, kanpoan lan egiten dugu eta zaintza-lanetan. Payak, ijitoak, migratuak eta arraza desberdinekoak gara. Adin guztiak ditugu eta lesbiana, trans, bisexual, inter, queer, hetero… gara. Ez daudenak gara: eraildakoak gara. GUZTIAK gara.

  • Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeon ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.

  • Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du ez bakarrik etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, baita ere nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla.

  • Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren %74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak.

  • Egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren.

  • Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

  • Ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana ezinbestekoa dela bizitzaren iraunkortasunerako; zaintzen inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago zeregin hori beste modu batera hornitzeko, gizonen erantzunkidetasuna sustatu beharra dago, gizartea antolatzeko modu honen ondorioz erabakimen- eta botere-guneetan emakumeen talentuaren galera dagoela ikusarazi behar da, antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu behar dira, eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar dira.

Egoera honetaz ohartzen denez, Soraluzeko Udalak aldarrikatzen du:

  • Emakume GUZTIEN eskubidea biolentziarik gabeko bizitza bizi ahal izateko. Beren gorputz, sexualitate eta identitateaz erabakitzeko duten eskubidea ere onartzen du.

  • Neurriak hartzea, emakumeen lan-egoerak bizi-proiektu bat duintasunez eta autonomiaz garatzen ahalbidetu diezaien; baita enplegua bizitzako premiei egokitzeko ere: haurdunaldia edo zaintza ezin dira lanetik kaleratzeko edo lan-bazterketarako arazoi izan, eta ezin dute geure aukera pertsonalak eta profesionalak kaltetu.

  • Soldata-arrailari amaiera emateko arauak sustatzea, ezegonkortasunarekin eta behin-behingotasunarekin batera, emakumeek jasaten duten lan-ezberdintasunaren ardatz dira eta.

Hitza ematen du:

  • Sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.

  • Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.

  • Udaleko politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela.

  • Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen.

Azkenik, herritarrei dei egiten die martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu eta deituko diren ekitaldi eta ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten.