Abenduaren 3an aurkeztu genuen plazan Soraluzen ere azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den “EUSKARALDIA: 11 egun euskaraz” ekimena, Pil-pileanek eta Udalak elkarlanean antolatuta, hamarnaka herritarren parte hartzearekin. Martxoaren 1eko hitzordua ekimena antolatzen hasteko bilera izango da. Bertara gonbidatuko dugu perfil, adin eta genero desberdinetako jendea, ahalik eta zabalena eta anitzena izan dadin.
ZER EGITERA GOAZ?
“EUSKARALDIA: 11 egun euskaraz” ekimena oso sinplea izango da: parte hartu nahi duenak izena emango du udazkenean eta figura bat aukeratuko du, ahobizi ala belarriprest izatea. Ahobizi bada, euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz egingo du eta lehen hitza beti euskaraz edozeinekin. Belarriprest bada, euskaraz dakitenei euskaraz egiteko eskatuko diete eta prest egongo dira euskaraz entzuteko. Beraiek euskaraz zein gazteleraz erantzun ahal izango dute. Orduan, 11 egun horiek prestatzeko, ingurua prestatu behar dugu (merkatariak, herriko taldeak, kiroldegiko begiraleak…), parte hartzaileak prestatu behar ditugu eroso egon daitezen esperientzia berri honetan eta ekimenaren berri eman behar dugu han eta hemen. Horretarako, 365 taldea osatu nahi dugu, ekimenaren muinean egongo diren euskaltzaleekin.
Orain arte Lasarte-Orian, Egian, Agurainen eta beste hainbat herritan egin dira horrelako dinamikak eta euskararen erabileran, egun horietan, izugarrizko igoera izan da.
ZERTAN ARI GARA?
Pil-pilean eta Udaleko Euskara Zebitzua ari dira ekimena bultzatzen herrian eta Euskal Herri osoko 70 herritan edo gehiagotan ere dagoeneko prestakuntzan ari dira. Nazio mailako koordinazioan ere ekarpenak egiten ditugu Euskatzaleen Topaguneko "Euskarak 365 Egun" batzordean.
Hurrengo pausoa Euskaraldia ariketa sozialean herri moduan ofizialki izena ematea izango da.
Informazio gehiago: euskaraldia.eus