Garbiketa-lanak mendigainean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2018ko ots. 8a, 09:51

Soraluzeko Udalak garbiketa-lanak egingo ditu mendigainean erosi berri duen "Idoia-Azkabeitiaburu" izeneko lursailean; aipatutako lanak Osuma Basolanak enpresak eramango ditu aurrera, 5.687 euroko kostuarekin.

Soraluzeko Udalak mendigaineko “Idoia-Azkabeitiaburua” izeneko lursaila erosi zuen iazko abenduaren 19an. Lursaila Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan aurkitzen da, 26.289m2-ko azalera dauka eta 9.464,04 euroan erosi zuen Udalak.

Lursaila garbitzeari ekingo dio Udalak orain. Bertan zegoen pinudia bota ondoren, adar eta sastrakaz beteta gelditu da lur saila eta, hau horrela, Udaleko Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Departamenduak garbiketa-lanak burutzea erabaki du.

Lanak Osuma Basolanak enpresak egingo ditu eta 5.687,00 euroko kostua izango dute, BEZa barne.

Azken hiru urteetan Udalak erosten duen laugarren lursaila da hau, 60.000 metro koadro guztira.

Udalaren helburua, Karakete-Hirukurutzeta mendi-lerroa balioan jartzea da bertako lur-sailak erosiz. Herritarrentzako paraje kuttuna izateaz gainera, inguruak balio handia dauka, hala ingurumenari dagokionean, nola turismoari, paisaiari, abeltzaintzari zein ondare historikoari dagokionean ere, eta hori babestu eta garatu nahi ditu Udalak.