Emakumeen aurkako indarkeria oztopo ikaragarria bihurtzen da oinarrizko giza eskubideak gauzatzeko garaian eta benetako mehatxua da adin guztietako milioika emakumeren osasun eta biziarentzat, gizarte inklusibo eta jasangarri baterako traba izateaz gainera. Emakumeen aurkako indarkeriak barru-barrutik jaten ditu gizarteak, pertsonen arteko konfidantza ahultzearekin eta gizarte osoa, gizonak eta emakumeak, ahultzearekin batera.
Azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Prebentzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia, eta Erreparazioa ere bai.
Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera.
Erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz.
Hau guztia kontuan izanik, Soraluzeko Udalak ondorengoa adierazten du Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean:
- Gaitzetsi egiten dituela erabat 2017. urtean zehar izan diren indarkeria matxista kasu guztiak.
- Konpromisoa duela indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa agenda politikoan sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten.
- Konpromisoa duela indarkeria matxistarekin amaitzera zuzendutako planak prestatzen eta neurriak hartzen jarraitzeko, emakume eta feminista taldeekin eta gizarte osoarekin eta herritar guztiekin elkarlanean.
- Konpromisoa duela gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen.
- Bere ardura dela indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izatea, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea.
- Bukatzeko, Soraluzeko Udalak bat egiten du azaroaren 25erako deitu diren mobilizazioekin eta herritarrei dei egiten die bihar, larunbata, eguerdiko 1ean, Plaza Berrian egingo den kotzentrazioan parte har dezaten.