Sagarrerrekako putzura arteko bidea txukunduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko aza. 22a, 14:40

Sagarrerrrekako putzua.

Alkarrekin-eko Mendiak eta Ibaiak lan taldeak proposatuta, Sagarrerrekako putzura arteko bidea txukuntzeko lanak hasi ditu Soraluzeko Udalak.

Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuaren baitan sortu zen Mendiak eta Ibaiak lan-taldeak denbora darama Sagarrerrekako putzua bainurako egokitzeko ahaleginean.

Putzua Sagarrerreka auzoan dago, Mutxaneko presa baino apur bat gorago, eta sasoi batean ohitura handia zegoen herritarren artean bertan bainua hartzeko.

Estalitako igerilekurik ezean, aipatutako putzua udaran bainurako toki aproposa izan litekeela pentsatuta, berau bainurako egokitzeko hainbat lan egitea proposatu dio lan-taldeak Udalari.

Hori horrela, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Sagarrerrekako errekasto-ertzean 365 metroko luzeradun bidezidorra egokitzeko lanak egiteko erabakia hartu zuen asteleheneko bileran. Lanok "Excavaciones y Transportes Zubikarai, S.L." enpresak egingo ditu eta 3.212,55 euroko kostua dute.

Behin bidezidorra egokitu ostean, egurrezko baranda jarriko da bertan, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta putzuaren ingurua txukundu egingo da, herritarrek bainurako erabili ahal izan dezaten.

Inguruari buruzko informazio gehiago ondorengo loturan aurki daiteke.