Soraluzeko Eskola Herritarra

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko aza. 20a, 10:41

Astearte honetan ekingo dio Soraluzeko Eskola Herritarrak ikasturte berriari, "Ezetz aspertu! Egungo hiperestimuliotik sormen kontzientera" izenburuko hitzaldiarekin.

Soraluzeko Eskola Herritarrak bihar asteartea, arratsaldeko 18:30etan emango dio hasiera 17/18 ikasturteari, Aitor Aritzetak eta Goretti Soroak gidatutako saioarekin. EHUko kide direnek egungo bizi erritmoak eta jasaten dugun gehiegizko estimulazioak haur zein helduen egoera emozionalean eta gaitasun sortzailean duten eraginaz arituko dira.

Egungo gizarteak inposatzen digun erritmo zoroak zuzenean eragiten du gure egoera emozionalean eta sormenean; goizean goiz esnatu, gosaria prestatu, haurrak eskolara eraman, aparkatzeko tokia bilatu, ostiraleko azterketa, batzar hau hemen, beste asanblada hau han… Horrela bizi gara! Eta haurrak beste horrenbeste; eskola, bazkaldu, eskola, ogitartekoa irentsi, ingelesa, kirola, musika, dantza...

Errealitate honen inguruan hausnartzeko Aitor Aritzeta eta Goretti Soroaren laguntza izango dute bertaratzen direnek, EHUko Psikologia fakultateko irakasle eta ikertzaileak biak; aspektu emozionalen, gaitasun sozioemozionalen eta sormenaren arloan adituak.

Saioa teoriko praktikoa izango da eta esan bezala, egungo bizi erritmoak eta hiperestimulazioak haur zein helduen egoera emozionalean eta gaitasun sortzailean duten eraginaz hausnartuko da. Ea bizitza modu pausatuagoan bizitzeko eta ordutegien menpeko garaiotan sormenari tokia egiteko moduak bilatzen ditugun!

Plaza kopurua mugatua egongo da, eta, beharrezkoa izango da parte hartzeko izena ematea udaletxeko harreran (09:00-14:00), telefonoz (943753043) edo online esteka honen bidez: izena eman

Hezkuntza Proiektuaren baitako egitasmoa da Eskola Herritarra.

Ekarpen edo zalantzarik izanez gero jarri harremanetan ondorengo helbidean: soraluzehezkuntza@gmail.com

EGUNA: Asteartea, azaroak 21.

ORDUA: 18:30-20:30

TOKIA: Herri Antzokian