Azaroaren 20a Haurren Eskubideen Nazioarteko eguna da 1954. urteaz geroztik, egun horretan onartu zelako “Haurren Esubideen Aldarrikapena”.
Egun horretan bertan ere, baina 1989an, Nazio Batuen Erakundeak “Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena” onartu zuen. Hitzarmen edo erabaki hau munduko ia herrialde guztien adostasunarekin hartu zen eta derrigor bete beharko lukete sinatu zutenek.
Haurren Nazioarteko Egunean gogora ekarri nahi da haurrak direla gizarteko kolektiborik ahulena eta, ondorioz, beraiek direla mundu mailako krisialdi eta arazoen aurrean gehien sufritzen dutenak.
Arestian aipatu dugun haurren eskubideei buruzko hitzarmenak esaten duenez, munduko haur guztiek daukate eskolara joateko eskubidea, jolasteko eskubidea, medikura joatekoa, babestuak izateko eskubidea, diskriminaziorik ez jasotzekoa eta beren iritzia kontuan hartua izatekoa. Eskubidea izan arren, ordea, askok aukerarik ez dute izaten.
Egun honen harira, Soraluzeko Haurren eta Gazteen Batzordeak hainbat ekintza antolatu ditu igande honetarako, azaroak 19; bi helbururekin antolatu ere: herritarrak informatu eta sentiberatzea eta haurrei beren eguna jolas giroan ospatzeko aukera ematea.
Antolatutako ekintzetan parte hartzea doakoa izango bada ere, nahi duenak bere ekarpen ekonomikoa egin ahal izango du sarreran jarriko den “Itsulapiko solidarioan”. Bertan bildutako dirua UNICEF (Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa) erakundeari helaraziko zaio.
Antolatutako ekintzen egitaraua ondorengoa da:
- Haurrentzako tailerrak eta informazio-stand-a
Goizeko 12etatik 2etara, Plaza Zaharrean.
Hiru tailer ezberdin (Figura ekologikoak, txapak eta abalorioak).
"Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena”-ren aleen banaketa, Plaza Zaharrean.
- Uretako puzgarriak
Arratsaldeko 4etatik 8etara, Udal igerilekuan.
4/5 urteko haurrak: 16:00 – 17:00
6/7 urteko haurrak: 17:00 – 18:00
8/9 urteko haurrak: 18:00 – 19:00
10/11 urteko haurrak: 19:00 – 20:00
Oharra: (derrigorrezkoa da igerian jakitea edota mangitoak erabiltzea).