Ezezagunek pintadak egin dituzte berriro ere udal kiroldegiaren gainaldean dagoen terrazan.
Ez da bertan pintadak agertzen diren edo altzariak apurtzen dituzten lehendabiziko aldia; lehen ere hainbat aldiz egin baitute antzeko zerbait.
Pasa den asteburuan, urrutira joan gabe, bertan dagoen segurtasuneko baranda apurtu zuten, hiru bat baranda zati moztuta.
Oraingo honetan, larunbatetik igandera arteko gauean dirudienez, bospasei pintada egin dituzte "Dejar de joder", "Puto Ayunta", "Volvere" eta antzekoak idatzita.
Badirudi, uda aurretik Udalak segurtasuneko baranda jarri izana eta bertan egindako hainbat konponketa daudela apurketa hauen atzean.
Hainbat gaztek terraza skaterako toki moduan erabiltzen dute, horretarako lurreko saretak (rejilla) eta pasabideko egurrezko oholak erauzi (arrankatu) eta jauziak egiteko tranpolin moduan erabiliz. Baranda apurtzeak ere logika horri erantzuten dio; baranda apurtzen dute patinetearekin saltoak egin ahal izateko.
Udalak, aurrekoetan egin izan duen moduan, gogor salatu nahi ditu era honetako portaerak eta, kalteak berehala konpontzeaz gain, kalteak eragin dituztenak identifikatzeko lanean jarraituko duela adierazi nahi du.
Halaber, jakinaraztea nahi du herriko hainbat gaztetxok egindako eskaerari erantzunez, kiroldegiko terraza pareko gunean ("U" gunean) skaterako gunea prestatzeko aukera ari dela aztertzen.
Argazki gehiago HEMEN.