Joan den ekainean jarri zituzten abian Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako Udalek, Debegesa garapen agentziarekin batera, Dolmenen Ibilbidea ezagutarazteko bisita gidatuak. Orain artean 8 irteera egin dira eta ehundik gora lagunek hartu du parte.
Igandekoa bederatzigarren irteera izango da. Goizeko 10:00etan hasiko da, Karakateko aparkalekutik abiatuta. Oraingo honetan bisita gidatua euskaraz izango da.
Soraluze, Elgoibar eta Bergarako udalerriak lotzen ditu Dolmenen Ibilbideak eta balio arkeologiko handia du; bertan Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak aurkitzen dira. Antzinako giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
9 kilometroko ibilbidea egingo dute,Karakate eta Irukurutzeta artean. Ibilaldian parte hartuko dutenei gomendatzen zaie arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea. Ibilbidearen amaieran parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute.
Parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.