Ikasturte hasiera ludoteka eta gaztelekuan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko ira. 19a, 09:01

Aste honetan eman diote hasiera ikasturte berriari Udal Ludoteka eta Gazteleku Zerbitzuek; Pil-pilean Euskaldunon elkarteak kudeatuko ditu zerbitzuok hurrengo bi urteetan

Soraluzeko haurrentzako eta nerabeentzako zerbitzuek, ludotekak eta gaztelekuak, aste honetan hasi dute ikasturtea.

Zerbitzu biek kudeaketa-eredu berria estreinatzen dute aurten, aurrerantzean Pil-pilean Euskaldunon Elkartea arduratuko baita berauen gestioaz, Udalak aurrera eraman duen lizitazio prozesua irabazita.

Udalak eta Pil-pilean Euskaldunon Elkarteak abuzturen 31n sinatu zuten kontratu berria. Kontratu horretan jasotzen denez, Pil-pilean Euskaldunon Elkarteak kudeatuko ditu ludoteka eta gazteleku zerbitzua hurrengo bi urteetan, beste biz luzatzeko aukerarekin. Elkartea izango da langileak kontratatu eta beren lana koordinatuko duena, bai eta zerbitzu bakoitzari dagokion proiektu hezitzailea prestatu eta aurrera eramango duena. Hori guztia Udalarekin koordinazioan egingo du. Lan horregatik 98.722,26 euro jasoko ditu urtero elkarteak, BEZa barne.

Kudeaketa eredua aldatzearekin batera amaitutzat ematen da duela urte t'erdi zerbitzuak hobetzeko Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordeak hasi zuen hausnarketa prozesua. Prozesua "Bizkaiko Urtxintxa Eskola" enpresak koordinatu zuen eta, bertan, Udaleko teknikari eta arduradun politikoez gain, haurrek, gurasoek eta hezitzaileek hartu zuten parte.

Prozesu horretatik ateratako ondorioak betez, hainbat aldaketa ezarri dira aipatutako zerbitzuetan denbora-tarte honetan:

  • Ludoteka handitu da eta gazteleku berria prestatu da.
  • Gabon eta Aste Santuko oporretan zerbitzua eskaini da.
  • Langileen lan-baldintzak hobetu egin dira.
  • Zerbitzu biak kudeatzeko ereduak bateratu egin dira.

Guztira 160 neska-mutilek eta 6 hezitzailek hasi dute ikasturtea ludoteka eta gaztelekuan.

Talde batzuk beteta dauden arren, beste batzuetan bada tokia oraindik ere. Izena emateko interesa duenak ludoteka eta gaztelekura jo edo telefonoz deitu dezake.