Kanpotik herrira datozenei harrera egiteko protokoloa prestatuko du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko ira. 13a, 16:47

Soraluzeko Udalak, udalerriko hainbat gizarte eragilerekin batera, herrira iristen diren pertsonen harrera sistematizatuko duen protokoloa prestatuko du.

Datorren ostegunean, irailak 14, Herriko Harrera Plana diseinatu eta osatu asmoz Udalak abiatuko duen partehartze-prozesuaren baitako lehen bilera teknikoa egingo da. Prozesuan zehar, udaleko teknikariek parte hartuko duten batzarrekin batera, herriko eragile anitzekin osatutako gunea abiatu nahi du beraien ekarpenak eta iritziak jasotzeko.

Udaleko Osasun, Gizarte Ongizate eta Inmigrazio Batzordeak sustatzen duen prozesu honek 3 hilabeteko irauena izango du eta Euskaltzaleen Topaguneko kide den Ainara Santaquiteriak koordinatuko du, Pilpilean Euskaldunon Elkartearen laguntza-teknikoarekin.

Egitasmo honetarako 5.021,50 euro bideratuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak elkarbizitza eta aniztasunari lotutako egitasmoen garapenerako emandako diru-laguntza bati esker.

Patricia Borinaga Osasuna, Gizarte Ongizatea eta Inmigrazioa Batzordeko arduradunaren esanetan, “prozesu honen helburua da, batetik, herrira datorren pertsona orori harrera eta ongi etorri zerbitzua modu sistematizatu eta koordinatu batean  eskaintzea; eta, bestetik, herritarrak harrera duin eta integral baten beharraz jabetzea, integrazioa erraztu eta elkarbizitza hobetzeko.”