Herriko haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuaren baitan, Atxolin eta Keixeta Guraso Elkarteek, 2 tailer teknologiko antolatu dituzte udarako Soraluzen. Hezkuntza-egitasmo honen helburua da haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea.
20 orduko tailerrak dira, 5 goizetan banaturik, eta 2001 eta 2009 urteen artean jaiotako haur eta gazteei daude zuzenduta. Talde lana sustatuz, gaztetxoek euren robotak eraiki eta programatuko dituzte; teknologiarekin ikasi, jolastu eta ondo pasatzeko aukera izango dute. Robotikaren mundua ezagutzeaz gainera, bideojokoak sortzen ere irakatsiko zaie. Tailerrak euskaraz egiten dira eta Doplay enpresak ematen ditu.
Lehendabiziko tailerra ekainaren 26tik 30era burutu zen, eta bigarrena, uztailaren 3tik 7ra ari da burutzen.