Eskola Herritarraren asanblada

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko eka. 22a, 10:45

Soraluzeko Eskola Herritarrak II. asanblada egingo du datorren asteartean, ekainak 27, orain arteko bidea baloratu eta aurrera begirako proposamenak eztabaidatzeko

Udaleko Hezkuntza Batzordeak sustatzen duen Eskola Herritarraren lehen zikloa bere amaierara iritsi da. Eskainitako hiru saioetan harreman osasuntsuak izateko gakoak landu dira eta esperientzia kolektibotik ikasteko saiakera egin da.

Urtarrilean egin bezala, eta Eskola Herritarraren logikari jarraituz, ekainaren 27an, arratsaldeko 7etan, udaletxeko saio aretoan, II.asanblada egingo dute egitasmoan parte hartzen dutenek.

Zertarako? Asanbladak bi helburu izango ditu: batetik, orain arte egindakoaren balorazio azkarra egingo da, akatsetatik ikasi eta hobetzen joateko. Bestetik, oporraldi ostean hasiko den bigarren zikloan jorratu beharreko gaien inguruan hausnartuko da, ekarpenak bota eta denon artean erabakiak hartzen dituzten bitartean, “luntx” goxoaz gozatuz.

Orain arteko saioetatik ondorioztatu ahal izan den zerbait formazio programa motz samarra geratzen dela izan da, edukiak barneratu eta horiek praktikan jartzeko. Hori izango da hemendik aurrera egitasmoak izango duen erronka nagusia: Nola lortu ikasitakoa egunerokotasunean txertatzea? Parte hartu dutenen zein oraindik animatu ez direnen ekarpenak beharrezkoak izango dira 2.asanblada honetan, horregatik, gonbidapen irekia zabaldu nahi diete antolatzaileek Eskola Herritarrean ikasteko gogoa duten guztiei.

Haurrentzako zaintza zerbitzua behar izanez gero, horretarako aukera izango da, baina beharrezkoa da aurrez soraluzehezkuntza@gmail.com helbidera idaztea edo 664547367 zenbakira deitzea.