Atzo, ostegunez, Mutrikuko Arbe Hotelak Debabarreneko Turismo Plan Estrategiko berriaren aurkezpena hartu zuen. Ekitaldian izan ziren eskualdeko alkate eta ordezkari politikoak –Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze–, Debabarreneko eragile eta baliabide turistikoak zein erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak. Mutrikuko alkate Jose Angel Lizardik eman zion hasiera ekitaldiari eta, ondoren, hitza hartu zuten Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradunak, Aitziber Cortazarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendariak, Maite Cruzadok, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako Zuzendariak, Maider Echevarriak.
Ekitaldiaren helburua Debegesa garapen agentziaren ekimenez landu den Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoa aurkeztea izan zen. Plan Estrategiko berria 2008-2012 epealdirako Turismo Plana eguneratzera dator. Turismo Plan berrian jasotzen denez, dokumentuak “azken urteotan turismoaren arloan eman diren aldaketa nabarmenak kontuan izanda, turismo-helmuga lehiakor eta iraunkor bat lortzeko bidean pauso bat aurrera egitea” du xede.
Funtsean, Debabarreneko eskualdea “nortasun propiodun turismo-helmuga” izatea lortu nahi da, horretarako, “sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bilatuz, turismo jardueraren hazkunde iraunkorra erdiesteko helburuarekin, eskaintza zabal, erakargarri eta kalitatezko bat sustatuz”.
Halaber, Turismo Plan berriak definitzen duen estrategia lerrokaturik dago 2020ra bitarteko Euskal Turismoaren Plan Estrategikoarekin eta Gipuzkoako turismo estrategia berbideratzeko Aldundiak sortu duen “Explore San Sebastian Region” marka berriaren filosofiarekin. Dokumentua eskualdeko sektore turistikoarekin batera landu da; 8 udalerrietako ordezkari politikoek eta Debabarreneko eragile publiko eta pribatuek parte hartu dute, "turismoaren izaera transbertsala" azpimarratuz. Hori dela eta, dokumentua "beharrezko lan-tresna da, eskualdeko estrategiaren baitan, 2020ra arte adostu eta lehenetsitako turismo-akzioak lotzen ditu-eta".
2020ra begira, turismo lehiakor eta iraunkor bat lortzeko bost lerro estrategiko
Debabarreneko 2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoak hiru erronka nagusi biltzen ditu: lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ereduaren aldeko apustua; Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen barruan Debako eta Mutrikuko herrien posizionamendua sendotzea, nortasun eta diskurtso propioekin; eta, hirugarrenik, bisitariak kostaldeko herrietatik barnealdera erakartzeko produktu eta esperientzia turistikoen garapena.
2020 urtera begira, Turismo Plan berri honek bost ardatz estrategiko ditu:
-
Planifikazioa, antolakuntza eta kudeaketa, kudeaketa-ereduan eragin nahi du, egungo errealitatera eta antzemandako beharretara egokituz; gainera, eragile nagusi ezberdinek jokatu beharreko eginkizuna definituko luke, toki mailan, eskualde mailan zein eskualdeaz gaindiko erakunde eta administrazioek.
-
Eskualdeko turismoaren egoera, konektibitatea, irisgarritasun unibertsala, irisgarritasun teknologikoa, azpiegiturak, helmugako harreraren hobekuntza eta ondare-baliabideak balioan jartzeko ekintzekin lotua.
-
Eskaintza eta produktu turistikoaren hobekuntza eta garapena,programa propioak landuDebabarrena turismo-helmuga “produktuanitza” den heinean.
-
Marketing turistikoa, irudia, marka, komunikazioa eta helmugaren sustapena.
-
Lehiakortasuna, prestakuntza sustatuz eta enpresak eratzeko eta indartzeko ekintzak burutuz, hala nola, Eusko Jaurlaritzak eta Basquetourrek eskaintzen dituzten kalitate-programen bidez (SICTED, IKT, Ekoetiketak…) etengabeko hobekuntza bultzatuz.
Debabarrena Turismo jada badabil plan honen garapenean lanean, eta martxoan eskualdeko liburuxka turistiko berria argitaratu zuen Debegesa garapen agentziak “Dena Eskura”lelopean, Debabarreneko eskaintza turistikoa ezagutzera emateko helburuarekin eta Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea erakargarri nagusi gisa aurkeztuz. Promozio lanen barruan, halaber, Debabarrena Turismoren webgunea berritzen ari da www.debabarrenaturismo.com eta #Debabarrena markaren posizionamendua sendotzen ari da sare sozialetan.
Lankidetza publiko-pribatuari dagokionean, eskualdeko 35 enpresa ari dira modu aktiboan Debabarrena Turismorekin elkarlanean, eskualdeko turismo jarduera garatu eta sustatu asmoz.
Lehiakortasun eta kalitate turistikoarekin loturik, asko dira Eusko Jaurlaritzak eta Basquetourrek eskaintzen dituzten kalitate programetan parte hartzen duten eskualdeko enpresa eta erakunde turistikoak. Egun, Debabarreneko 27 enpresa ari dira Enpresen Kudeaketa Hobetzeko eta Kalitatea Sustatzeko Jardunbide Egokien programan (SICTED) parte hartzen, 8 enpresa IKTen erabileran Jardunbide egokien programan, eta 28 enpresa dira Euskadi Gastronomika Produktu Klubeko kide. Programa hauen bitartez, establezimendu hauek euren barne-kudeaketaren etengabeko hobekuntzan lan egiteaz gainera, bezeroen asebetetzea eta fideltasuna lortzeko lanean ari dira.
Eskualdearen balioa azpimarratu kalitatezko turismo-helmuga gisa
Debabarrena turismo-helmuga “produktuanitz” gisa aurkezten da; bere baitan baliabide eta produktu turistiko anitz biltzen dira.
2020ra bitarteko Turismo Plan Estrategikoak eskualde mailan turismo mota jakin batzuk erakartzeko sortu eta garatu beharreko produktu eta esperientziei buruz ere hitz egiten du; turismo kulturala, museoak, gastronomia, azoka eta ondare kulturalaren inguruan; turismo aktiboa eta natura turismoa, eskualdean ditugun natur baliabideak, ibilbideak, hondartzak, eta bailarak nabarmenduz; familia turismoa, eskualdean aukera handiak eskaintzen dituena; kirol turismoa, erro sakonak dituena gure eskualdean txirrindularitza edota futbola dela, SD Eibar adierazgarri nagusi; eta, negozio turismoa, zeinaren gainean lanean hasita gauden.
Bisitarien kopurua %40 hazi da 2005 eta 2016 bitartean
Goranzko joeran dagoen turismo-helmuga da Debabarrena. Hala erakusten dute eskualdeko bi turismo bulegoek, Deban eta Mutrikun kokatuta daudenak, jasotako datuek. 2005. eta 2016. urteen artean, bisitarien kopuruak nabarmen gora egin du, %40, hain zuzen ere. Halaber, azpimarratzekoa da nazioarteko turismoaren hazkundea; epealdi berean %80a hazi baita.