LGTB-fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko mai. 17a, 07:52

Lesbofobia, homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 7etan Plaza Berrian, Udaleko Parekidetasun Batzordeak, Emakumeen Topaguneak eta Korner Moreak antolatuta

HOMOFOBIA, TRANSFOBIA  ETA BIFOBIAREN AURKAKO MUNDU EGUNA

Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna 1990. urteko maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik atera izana gogora ekartzeko ospatzen da. 

Aurten, maiatzaren 17 honetarako aukeratutako gai nagusia "Familiak" izan da arreta berezia jarriko da familiek beren kide LGTBIen ongizatea bermatzeko duten garrantzian eta LGBI familien eskubideen defentsan.

Izan ere, familia, izan hazi gaituen hura, izan helduaroan eratu duguna; biologikoa nahiz aukeratutakoa, pertsona ororen lehen harreman-gunea da. Danok gara "familia"ren bateko kide, eta familia horiek eragina dute gure bizitzan. Familiak balioak moldatzen eta transmititzen diren tokiak dira, segurtasuna jasotzen den tokiak eta autoestimua zein konfidantza eraikitzen diren tokiak.

Horregatik, Soraluzeko Udalak bere egiten ditu IDAHO batzordeak maiatzaren 17rako ezarri dituen helburuak eta ondorengoak egiteko beharra adierazten du:

  • LGTBI gurasoen ahotsa eta ikusgarritasuna indartzekoa.

  • Orotariko familien ahotsa eta ikusgarritasuna indartzekoa eta berauen eskubide zein onarpenerako urratsak ematekoa.

  • LGTBI gurasoak dituzten seme-alaben ahotsa eta ikusgarritasuna indartzekoa eta mugimendu honen egituraketa indartzekoa.

  • Familia-elkarte aurrerakoiekin elkarlan bideak ahalbidetzekoa.

Era berean, Soraluzeko Udalak honakoa adierazi nahi du maiatzaren 17an:

  • Giza Eskubideak defendatzeagatik erasotuak, jazarriak, atxilotuak edota erailak izan diren LGTBI pertsona guztiak gogora ekarri eta bat egin mundu guztian homosexualitatea, transexualitatea eta bisexualitatea zigortzea amai dadila eskatzen dutenekin.

  • Nazioartean LGTBI kolektiboak bizi duen egoeragatik kezka adierazi, Txetxenia eta Sirian bizi duenagatik bereziki, eta nazioarteko komunitateari eskatu Estatu jazarpena, atxiloketa zentroak, lege diskriminatzaileak eta segurtasun indarren erasoak amaitu daitezen beharrezko presioa egin dezala.

  • Sexu orientazioa eta genero nortasuna ezin direla iseka eta irainerako arrazoi izan  adierazi, eraso fisikoak bestelako portaera homofobo, lesbofobo, bifobo eta transfoboen erakusgarri baino ez direlako.

  • Gorrotoak eta diskriminazioak eragindako erasoak ez dituela erasotuak bakarrik pairatzen argi utzi, honen inguru hurbilak eta gizarte osoak baizik, era horretara gizarte kohesioa ahulduz.

  • Diskriminazio ororen aurkako gure jarrerarik irmoena azaldu eta, bereziki, sexu orientazioak eta genero nortasunak eragindakoaren aurkakoa, adieraziz ezinbestekoa dela LGTBfobiaren aurka borrokatzeak duen garrantziaz gizarteak kontzientzia har dezan lanean jarraitzea, modu horretara jarrera eta jokaera heterosexista eta matxistekin amaitzeko. Bide horretan, Soraluzeko ikasleak izateko eta egoteko modu anitzen gainean hezteko helburuarekin, datorren ostegunean, maiatzak 25, Ttantaka antzerki konpainiak "Muxua" antzezlana taularatuko du. Antzezlan honek sexu orientazioak eragindako eskola jazarpena eta bullyinga lantzen ditu.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak dei egiten die soraluzetarrei "HOMOFOBOAK ARMAIRURA! Hori bai gaixotasun mentala" lelopean maiatzaren 17an, arratsaleko 7etan, Plaza Berrian gingo den elkarretaratzen parte hartzera eta hilaren 18an, iluntzeko 9etan, Herri Antzokian proiektatuko den “Freeheld, un amor incondicional” filma ikustera, biak ala biak Udaleko Parekidetasun Batzordeak, Korner Moreak eta Soraluzeko Emakumeen Topaguneak antolatutako ekintzak.

 

Soraluzen, 2017ko maiatzaren 17an.