Atzo arratsaldean 20 bat gaztetxok mural ikusgarria egin zuten frontoiko atzeko horman, Udalak inguru hori txukundu eta hobetzeko haur eta gazteekin batera aurrera eraman duen parte-hartze prozesuaren barruan.
Web-atari honetan aurreko batean adierazten zen moduan, azken urte betean hainbat parte-hartze saio burutu izan dira haur eta gaztetxoekin, hainbat gairen inguruan duten iritzia ezagutzeko asmoz.
Prozesu horretan zehar, frontoiko gunea txukundu eta hobetzeko zenbait proposamen helarazi zizkioten haur eta gaztetxoek Udalari; hala nola, frontoiko pintadak garbitzea, iturri berria jartzea eta baloiak beheko lorategira eror ez daitezen sare bat jartzea.
Udalak duela aste batzuk ekin zion bertako pintada eta grafitiak kentzeari; eta, orain, gaztetxoek hormetako bat apaindu dute, bertan elkarlanean mural erraldoi bat margotuz.
Muralak "Herria gure jolastokia" leloa darama eta herritarrak kontzientziatu nahi ditu jolastokia den herri hori errespetuz tratatu dezaten, hiri-altzariak zainduz eta hormak txukun mantenduz.