Gaur, asteazkena, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, Adierazpen Instituzionala kaleratu du Soraluzeko Udalak. Lan-mundua du adierazpenak ardatz eta parekidetasuna aldarrikatzen du arlo honetan ere.
Egun honen inguruan hainbat ekintza antolatu dituzte Udaleko Parekidetasun Batzordeak, Emakumeen Topaguneak eta Korner Morea elkarteak.
Martxoak 7: "FGM" laburmetraiaren proiekzioa eta solasaldia; arratsaldeko 7etan, Antzokian.
Martxoak 8: Kontzentrazio musikatua; arratsaldeko 6etatik aurrera, Plaza Berrian.
Martxoak 11: Kuleroak Buruan II. Nazioarteko Eguna; arratsaldeko 1etatik aurrera, herrigunean.
Ondorengoa da Udaleko alderdi politikoek adostu eta publiko egin duten adierazpena:
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA,
MARTXOAREN 8KO “EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA”REN INGURUKOA
Emakumeen Nazioarteko Eguna, bere aurtengo leloa "Emakumeak eraldatzen ari den lan-munduan: 50-50 planetara bidean 2030ean" duena, lortutako aurrerapausoei buruzko hausnarketa bat egiteko momentu egokia da, eta baita aldaketa gehiago eskatzeko eta izen handirik gabeko emakumeen balentria eta zorroztasuna ospatzeko, euren herri eta komunitateen historian jokatu duten paperak berebiziko garrantzia izan du eta.
Diskurtso ofizialek krisia merkatuen errentagarritasun galeragatik sortu zela esan zigutenean, emakumeon eskubideak denboraz luzez zeudela krisian ekarri genuen gogora. Orain berriz, ustez krisitik irteten ari garenean, emakumeon eskubideak inoiz baino krisi latzagoan kokatuak daudela esan behar dugu.
Krisi ekonomikoak, gehiegitan, arlo publikoaren aurrekontuetan murrizketak egiteko aitzakia gisa balio izan du. Murrizketok, emakume eta gizonen arteko desoreka areagotzean eragin dute, arlo publikotik aurrera atera beharko litzatekeen zaintza eta bizitzaren mantenimendua, emakumeek egiten dutena gehienetan, arlo pribatura trasladatuz, hori bai, emakumeei inolako errekonozimendu edo ordainketarik egin gabe.
Honi guztiari erantsi behar zaio EPEetan dauden muga zorrotzak, ordezkapenak ez direla betetzen ari, hainbat lanpostu amortizatzen ari direla, 35 lanorduko asteak ez direla berreskuratzen ari, emakume askok lan egiten duen sektorean, administrazio publikoan, lanaldiko baldintzen berdintasuna urratu eta emakume langileen bizkar erortzen direlarik bereziki murrizketa hauek guztiak.
Eta herritar gisa dagozkigun eskubideen jasotzaile ez garenez hainbatetan, aldian aldi eskatu beharreko laguntza publikoen jasotzaile bilakatzen gaituzte, uneko borondate politikoak ezarritako aurrekontu eta baldintzen menpeko bilakatuz emakumeak.
Esparru pribatuan ere, aldi baterako lanaldiak, lansari eskasak, egun gutxi batzuetarako kontratu sistema prekarioak, bereziki emakumeei zuzenduak izan dira. Eta honek guztiak eragin du, emakumeak sistema produktibo prekarizatuan eta erreproduktibo gainkargatuan aritu behar izatea.
Horregatik guztiagatik, gure ahalegin berezia berdintasun nominala berdintasun erreal bilakatzea izan behar da, eta emakumeen jabetzea bermatzea. Gizon eta emakumeen artean dagoen soldata-zuloa itxi behar dugu; emakumeek, inongo ordainsaririk gabe, etxearen eta familiako kideen zaintzan egiten duten lana aitortu behar dugu, eta gizon eta emakumeen artean lan hau era ekitatibo batean banandu. Aldi berean, lidergoan eta erabakiak hartzerako orduan dauden zuloak deuseztatu behar ditugu, ekintzailetzan eta babes-sozialerako sarbidean; eta enplegua sortzeko, pobrezia gutxitu eta hazkunde jasangarri eta barneratzailea helburu duten politika ekonomikoak bermatu behar ditugu, generoarekiko sentsibleak izan behar dutenak. Politika ekonomikoek kontuan hartu behar dituzte arautu gabeko ekonomian dabilen emakume gehiengo izugarria, emakumeen teknologia eta praktika berritzaileetan sarbidea sustatu behar dute, eta baita enplegu duinetara eta aldaketa klimatikora bideratutako enpleguetara ere, eta emakumeak lantokietan jasan dezaketen biolentziatik babestu. Berdintasun erreala lortzeko, ez da nahikoa gehiago egitea baizik eta hobeto egitea.
Eta hobeto egite horrek arazoei aurre egin eta euren izenez deitzea suposatzen du, konponbideei aurre egitea eta euren izenez deitzea. Arazoek BAZTERKERIA, DESPAREKOTASUNA eta PATRIARKATUA dute izena, eta konponbideak, aldiz, FEMINISMOA, nahiz eta egunero gu nahasten saiatzen diren feminismoaren sendotasun ideologikoa eta bere tradizio politiko eta intelektuala ukatuz, eta baita oso luzea den bere borroka soziala. Ezin dugu onartu ez diskurtso matxista gailendu dadin ezta ere feminista eta emakumeen eskubideak babesten dituztenei egiten zaizkien erasoak ohikoa den zerbait bihurtzea.
Emakume eta gizonen arteko berdintasunak aurrera egiten ez badu, atzera egiten du, maldan gorako lana baita berdintasunari egokitzen zaiona, eta neurri horretan, aurrera egiten ez duen orok egiten baitu atzera.
Indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desberdintasun muturrekoena da. Urte luzez etxe barruko arazo bezala ikusi izan da. Izan ere, gizarte patriarkal honetan, biolentziaren bitartez eragindako emakumearen zapalkuntza “bikote edo familia arazo” bezala saldu izan zaigu. Baina, gaur inoiz baino gehiago, biolentzia mota honen oinarri soziala azpimarratu behar dugu. Gizartea ari da honetaz jabetzen, eta honen erakusle izan da azken asteetan herrian izandako eraso matxisten aurrean herritarrek emandako erantzun jendetsua.
Hau horrela, Soraluzeko Udalak ondorengo konpromisoak hartzen ditu:
1.- Parte hartzen duen foro guztietan defendatuko du, berdintasun eta indarkeria matxista alorretan eskumenak dituzten Administrazio Publiko guztien aurrekontuak, egokiak eta behar adinakoak izan daitezela arazo larri hauei erantzun ahal izateko.
2.- Gaur egun dagoen udal berdintasun zerbitzua mantendu eta baliabide tekniko eta ekonomikoez hornituko du, egonkortasuna emate aldera.
3.- Urtean zehar, emakumeen zein mugimenduen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa (Korner Morea, Emakumeen Topagunea…) bultzatzera bideratutako jarduerak, ikastaroak eta tailerrak abian jarriko ditu, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.
4.- Sortzen dituen idazki guztietan hizkuntza ez sexista eta inklusiboa erabiliko du.
5.- Jarraipen zehatza egingo du II. Berdintasun Plana Udaleko departamentu ezberdinetan bete dadin, genero atalen ikuspegitik: diru-laguntzak, kontratazioa, etab…, eta beharrezko iritzitako agiri guztiak aldatuko ditu, planaren inklusioa ziurtatzeko eta betetzen dela bermatzeko.
6.- Instituzioen arteko koordinazioa mantendu eta indartuko du, genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta hobea emateko.
7.- Udal eskumeneko sail guztietan generoa zehar-lerrotasunez landuko du.
8.- II. Berdintasun Planean jasotako ekintzak aurrera eramango ditu eta 2017ko saileko aurrekontua bere osotasunean arloarekin zerikusia duten ekintzetara bideratuko du.
Soraluzeko Udalak, berriz salatu nahi ditu azken asteetan herrian gertatutako eraso matxistak eta dei egiten du martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintza GUZTIETAN parte hartzera.