Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearen ekimenez herrian sortu den Euskarazko Irakurleen Kluba otsailaren 6an elkartuko da lehendabiziko aldiz, Alaine Agirre idazlearen "X hil da" liburuaren gainean jarduteko.
Klubak 6 lagunekin hasi du bere bidea eta bi hilabetean behin elkartuko da, astelehenetan, arratsaldeko 7etan, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko. Tarteka, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatuko dute saioetara.
Apurka-apurka kluba handitzea da antolatzaileen asmoa eta jakinarazi dute oraindik ere badagoela taldera biltzeko aukera, Udaleko Hizkuntza Politikaren Departamentuarekin harremanetan jarriz (euskara@soraluze.eus).
Jakina den moduan, Jasone Osoro idazle elgoibartarra izango da klubaren saioak dinamizatuko eta irakurri beharreko liburuak proposatuko dituena.
Hauek dira klubeko kideek udara bitartean egingo dituzten saioen egunak:
- Otsailak 6.
- Apirilak 3.
- Ekainak 5.