Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aurtengoa 18. edizioa da—, Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
Bai web atariak zein paperezko edizioak, biak ere berrikuntza nabarmenak estreinatu dituzte aurten. Nobedaderik garrantzitsuena, seguruenik, webgunearen eraberritze sakona litzateke, diseinu berriarekin atondua, errekurtso gehiagorekin hornitua, tablet-etan ikusteko egokitua eta produktuen erreferentziak bilatzeko antolamendu berriarekin txukundua. Hartara, aurrerantzean bi atal nagusi izango ditu KATALOGOA.EUS webguneak: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, horietako atal bakoitzak hainbat baliabide eskaintzen ditu bi adin tarte nagusi horiei egokituak: intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera.
Halaber, webgune berriak aldi oro argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren PDFa deskargatzeko manera ere.
Milaka produkturen azalpenak, horien prezioak eta erosi nahi izanez gero, argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera
KATALOGOA.EUS urte osoan berritzen doan webgunea da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzienkopurua. Dagoeneko 6.000 produktu baino gehiago biltzen ditu 2 atal nagusien artean.
Behin bilaketa egin ondotik, produktu bakoitzaren fitxan, hari buruzko daturik garrantzitsuenak ikusiko ditu erabiltzaileak (azalaren irudia, titulua, autorea, argitaletxea, produktuari buruzko azalpena, argitaratze urtea, prezioa…) eta, bakarren bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta. Azken finean, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.