Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2016ko aza. 25a, 14:54

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean adierazpena kaleratu du Soraluzeko Udalak, eta gaurko elkarretaratzera deitu ditu herritarrak.

 

AZAROAREN 25eko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

“Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna”

 Azaroaren 25a den honetan, bat egiten dugu Nazio Batuen Batzar Nagusiak emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere.

Azaroaren 25ean ozenki  aldarrikatu behar dugu emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela,  eta,  hori  ez ezik,  indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela. Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen  dauden  sotilenetatik  hasita,  hala  nola  ukitzeak;  ahozko  lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak;  janzkera,  jendarte-sareen erabilera  edo  lagunartea  kontrolatzea, eremu  publikoa  (eskolako  patioak,  jolastokiak,  parkeak)  askatasunez  okupatzeko zailtasunak;  edota  emakume  eta  gizonen  arteko  berdintasuna  zuzenean  erasotzen dituzten  administrazio-erabakiak.  Bigarren  estadio  batean,  sexu-erasoak  eta  eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

Feminismoak,  eta  beraz,  gure  jendarteak,  arrakasta  handia  lortu  zuen  indarkeria matxista  politizatu  genuenean,  eta,  horrenbestez,  etxeko  gai  pribatu  bat  izatetik jendartearen  eta  politikaren  arlora  zabaldu  genuenean. Hain  zuzen  ere,  agi  geratu denean indarkeria matxistaren jatorria ez dagoela gizon biolento batengan edo burua galdu duen gizon batengan, berdintasunik eta orekarik gabeko jendarte-harreman jakin batzuetan baizik.

Eta horren harira norbaitek esan lezake egun inoiz baino lege,  zerbitzu,  salaketa eta politika publiko gehiago dauzkagula eskura indarkeria matxistari  aurre egiteko,  eta hori egia  da. Alabaina,  indarkeria  hori  ez  da  inondik  inora  murrizten  ari,  eta  indarrean jarraitzen du gure jendartearen eremu guztietan.

Horregatik  esaten  dugu  desorekak  indarrean  jarraitzen  duen  bitartean  indarkeria matxista hor egongo dela, botere-harreman desorekatu horiei eustea delako, hain zuzen, indarkeria horren funtsa.

Horregatik guztiagatik esan dezakegu urte luzetako borrokari esker lortutako berdintasun formala ez  dela nahikoa une honetan,  eta aurrera jarraitu behar  dugula,  mikro eta makroindarkeria  guztiak  identifikatuz  eta  indarkeria  sortzen  duten  eragileak  banan banan  agerian utziz. Eta erantzukizuna emakumeen gainean jarri  ordez,  beren burua babesteko eta ez arriskatzeko eskatzen baitiegu, edozein eraso sexista sorrarazteko edo saihesten laguntzeko gai diren gizonen gainean jarriz.

Berdintasunetik  gertuago  dagoen  beste  maskulinitate  bat  eraiki  beharra,  jendarte patriarkal  hau eraldatu beharra eta subjektibitatea aldatzea aldarrikatu nahi dugulako, emakume eta gizonei buruzko balioespenetan oinarritutako hierarkizazioak ezabatuz.

Indarkeria matxista gainditzeko borrokatu beharko dugulako,  maskulinitate tradizionalak ezabatu  eta  desegin  beharko  ditugulako,  adostasun  berriak  eraikiz,  enpatiatik, sororitatetik,  aukeratzeko  askatasunetik,  segurtasunetik,  arduratik,  berdintasunetik eta elkarrekikotasunetik.

Hau horrela Soraluzeko Udalak ondorengo konpromezuak hartzen ditu:

  • 2017ko aurrekontuetan parekidetasun Batzordeko aurrekontua mantentzea baita baliabide tekniko eta ekonomikoez hornitzea egonkortasuna emateko zerbitzuari beti ere egoera  Udalaren egoera ekonomikoaren baitan.
  • tokiko talde feminista eta emakumeekin  elkarlanean,  prebentzioko  udal-/lurralde-plan  integrala  garatuko  du, indarkeria  matxistaren  adierazpide  guztiei  aurre  egiteko  modukoa.
  • Tokiko talde feminista eta emakumeekin  elkarlanean,  eraso  matxisten  kontrako  protokoloa  indartuko  du.
  • Borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi  nahi dugu,  indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  • Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen esparrura eramatea eta emakumeen kontrako indarkeria mota desberdinak identifikatzea eta aurre egiteko dinamikak bultzatzea, normalizazioan ez erortzeko makro zein mikro-erasoak salatuz. 
  • Harreman intimoetako emakumeen aurkako indarkeria, adierazpen ugaritako indarkeria sexuala, emakumezkoen mutilazio genitala eta jazarpen sexista sartzea emakume eta neskatilen aurkako indarkeriaren kontzeptuaren barruan.
  • Emakumeen intimitate-eskubidea ezartzea arretako bide osoan.
  • Indarkeriaren aurkako haurren eskubideak berariaz aipatzea, batez ere, neskatilen eskubideak.
  • Gizarteak emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta borrokatzen laguntzea sustatzea. Berdintasun politikak sustatuz eta eraso matxisten kontrako protokoloak indartuz edo martxan jarriz eta gizartearen erantzun soziala sustatuz. 
  • Erakundeen arteko koordinazioa bultzatu tokiko protokoloak martxan jarriz, arreta zerbitzuak hobetzeko eta indarkeriari aurre egiten dieten emakumeen birbiktimizazioa ekiditeko. 

Bukatzeko Soraluzeko Udalak bat egiten du azaroaren 25erako deituak izan diren mobilizazioekin eta jendarte osoari deia luzatzen dio GAUR ARRATSALDEKO 7etan, PLAZA BERRIAN EGINGO DEN KONTZENTRAZIOAN parte har dezan.