‘Mujeres al Cuadrado’ elkartearen eta ‘Empalabramiento’ deritzen eskolen bitartez indarkeria egoerak bizi dituzten emakumeen alde egindako lanarengatik emango diote saria, datorren urriaren 27an Soraluzeko Herriko Antzokian egingo den ekitaldian.
Gure Balioak Sariaren epaimahaiak aurten Nerea Del Campo Agirre eibartarra saritzea erabaki du. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko “Mujeres al Cuadrado” elkartearen fundatzailea da Del Campo eta emakume etorkinen ahalduntzea helburu duen “Empalabramiento” egitasmoaren sortzailea eta arduraduna.
Enpresa, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarreneko 9 lagunek osatutako epaimahaiak Del Camporen “ekimena, ausardia eta egoera zailak gainditzeko indarra” nabarmendu nahi izan ditu, “bizipen pertsonal gogor batetik abiatuta, indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko konpromiso sozialean eta elkartasunean oinarritutako proiektua sortzeagatik”. Epaimahaiak, halaber, bere “paper aktiboa eta ahalegina” azpimarratu ditu “genero indarkeria jasan duten emakumeen errealitatea ikusarazteko, ez biktima gisa, bizirik iraunaraztea lortu duten eta indarkeriarik gabeko etorkizun berri bati aurre egiteko gai diren emakume ahaldundu gisa baizik”.
Epaimahaiak kontuan hartu du, baita ere, jatorri edota kultura arrazoiengatik egoera bereziki ahulean dauden emakumeekiko “inplikazioa eta konpromisoa“, “Empalabramiento” eskolen bitartez euren trebakuntza, integrazioa eta ahalduntzea ahalbidetuz, horretarako bere denbora, esfortzua eta ezagutzak modu altruista batean eskainiz.
Azkenik, epaimahaiak Nerea Del Camporen “gizatasuna” aintzat hartu du, sari honek sustatu nahi dituen balioak egoki ordezkatzen dituelako, hala nola, bere ekintzailetza-gaitasuna arlo sozialean, lankidetzarako gaitasuna helburu berberak lortzeko xedez, eta bere eskuzabaltasuna eta errespetua hurkoarekiko zein gizarte osoarekiko. Eta hau guztia emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat lortzeko bidean aurrera egiteko.
Saria datorren urriaren 27an banatuko da Soraluzeko Herriko Antzokian 18:30etik aurrera egingo den ekitaldian. Sari banaketa ekitaldian Emakundeko teknikaria eta Gizonduz ekimenaren koordinatzailea den Ander Bergarak hitzaldia eskainiko du berdintasunaren inguruan.
Nerea Del Campo Agirre (Eibar, 1971)
Nerea Del Campo Agirre “Mujeres al Cuadrado - M²” elkartearen fundatzaileetako bat da, 2010ean Eibarren eratua, genero indarkeria jasan duten emakumeei erantzun, informazioa eman eta laguntzeko helburuarekin. Elkartearen izena 1621ean Eibarren tratu txarrak salatu zituen lehendabiziko emakumearen izenetik dator, Magdalena de Maturana.
Hispaniar Filologian lizentziatua, 2013an “Empalabramiento” eskolak sortu eta abian ipini zituen Del Campok, hitzaren bitartez emakume etorkinen ahalduntzea helburu. Gorputz eta arima aritzen da proiektuan eta gaztelera irakasle boluntario gisa dihardu lanean. Egun 100 emakume inguru doaz eskola hauetara.
Eibarko Emakumearen Mahaian parte hartzen du. Udaletxearen kontsultarako organoa da eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lan egitea du helburu.
Gure Balioak Saria
Nerea Del Campo Agirre Gure Balioak Saria jasoko duen zazpigarren persona izango da 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu.
Debabarreneko bereizgarri eta azpimarragarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira: ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea. Aurreko edizioetan sarituak izan diren pertsonak honako hauek izan dira:
2015: Antonio Cancelo
- 2014: Sabin Osoro
- 2013: Carmelo Urdangarin
- 2012: Jesus Bilbao
- 2011: Gemma Agirregomezkorta
- 2010: Mª Tere Ganchegui