Egin zaitez Berbalagun!

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2016ko urr. 17a, 10:11

Talde txikietan euskara praktikatu eta hobetzeko helburuarekin Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak eta Euskara Elkarteen Topaguneak sustatzen duten ekimena da.

Zer da?

Berbalaguna programa mintzapraktika programa da eta euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzean datza.
Zergatik egin berbalagun?

Mintzapraktika programetan parte hartzeko hainbat arrazoi eta motibo egon daitezke: euskara praktikatu nahi izatea, euskara maila hobetu nahi izatea, harreman eta lagun talde berria bilatu nahi izatea, euskara ikasten ari direnei prozesuan lagundu nahi izatea, euskara plazara ateratzeko norberaren ekarpen txikia egin nahi izatea, ikasitako euskara erabili edo praktikatu nahi izatea, erdi ahaztuta duzun hizkuntza berreskuratu nahi izatea.
Nola funtzionatzen du?

Berbalagun taldetxoak kideen zaletasunak, gustuak, adinak, bizitokiak, eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira. Ongi datorkizun ordu eta tokian, gustukoak dituzun gauzak egiteko biltzeko aukera duzu.

Berbalagun taldetxo bakoitza hiru, lau edo bost lagunek osatzen dute eta gutxienez astean behin biltzen da. Astean behineko hitzorduaz gain, mintzapraktika programetako taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten da: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak,...

Nori zuzenduta dago?

Euskara ikasleak: Euskara ikasten ari direnek parte hartu ahal izateko, gutxienez, euskaltegietako 6. urratsa izan behar dute.

Ia euskaldunak: Euskara ulertzen duten baina berba egiteko orduan zailtasunak dituzten pertsonak, mintzapraktikaren bitartez beren euskera maila hobetzeko.

Euskaldunzaharrak: Euskaraz egiteko ohitura duten pertsonak eta ikasi nahi dutenei laguntzeko prest daudenak.

Zein iraupen dauka?

Izen ematea urrian zabaltzen da eta berehala mintzapraktika taldetxoak martxan jartzen dira. Programa ekainean eten egiten da, hurrengo ikasturtera arte.

Nola eman izena?

Egitasmo honetan izena emateko edo informazioa jasotzeko:

Tel.: 943751304

E-posta: euskara@pilpilean.eus

Izen-ematea urriaren 21ean amaitzen da.