Pintadak goiko eskolako patioan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2016ko ira. 7a, 14:17

Plaentxi Herri Ikastetxeko patioa pintadaz beteta agertu da gaur goizean berriz ere, opor garaian udalak bertan egin zituen garbiketa lanak ezerezean utziz.

Ezezagunek pintadak egin dituzte berriro ere herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko (PLHI) patioko horma, ate eta hiri-altzarietan.

Ez da bertan pintadak agertzen diren lehendabiziko aldia; izan ere, ez dira hiru hilabete hainbat gaztek bertako hormak azken aldiz pintadaz josi zituztela. Orduan, baina, pintaden egileak atzeman egin zituen udalak eta egindako kalteak ordaindu eragin.

Uztailean, ikasleak oporretan zeudela aprobetxatuta, patioa garbitu eta margotu zuten udal langileek, ikasturte berria hasterako txukun eta erabilgari egon zedin. Udalak egindako margoketa lan-horien gainean eta patioko bestelako altzarietan egin dituzte orain pintadak.

Behin eta berriz agertzen diren pintada hauek, onartezinak izateaz gainera, kostu ekonomiko handia dute. Udalak jakinarazten du, lehen ere egin zuen moduan, oraingoan ere pintaden egileak zeintzuk diren jakiteko ahalegina egiten diharduela.

Gaur goizeko lehen orduan ezabatu dituzte pintadak udal langileek, ikasleek ikasturtea behar den moduan has dezaten.