DYA bidelaguntza elkarteak, Udaleko Osasun Departamentuarekin elkarlanean, eta, herritarren artean bihotz-biriketako geldialdien eta sinkope edo konorte-galeren aurrean hartu beharreko neurriak zeintzuk diren jakinarazteko helburuarekin, dohaineko ikastaroak eskainiko ditu ostiral honetan, hilaren 24an, arratsaldeko 16:00tik 19:00ak arte, Plaza Berrian.
Horretarako, eta goian aipatutako ordutegian, informazio-standa ipiniko du DYAk plazan eta nahi duen edonork bihotz-masajea ematen ikasteko aukera izango du.
Irakasten den teknika oso erraza da eta 10 minutu nahikoak dira masajea ematen ikasteko.
Zenbait ikerketek diotenaren arabera, bihotz biriketako sinkopea eta geldialdia gertatzen direnean, lehenengo 5 minutuetan neurriak hartzen badira, pertsonaren bizi irauteak %70 egiten du gora. Horregatik da garrantzitsua herritarrak larrialdi kasu horiei aurre egiten jakiteko prestatuak egotea.