Aurreko astean Ipiñarrietako iturburutik datorren urez hornitzen diren iturriek; hots, Plaza Berrian, Zubi Nagusian, Gabolats kalean eta Zeleta auzunean daudenek, berriro ere ura isurtzen zutela ikusi ahal izan zuten herritarrek.
Iturri guzti hauek, esan bezala, iturburu bera dute, Ipiñarrieta izenekoa, eta ura hodi nagusi baten bitartez iristen da iturrietara.
Udal brigadako langileak izan dira arazoa non zegoen aurkitu eta konponbidea eman diotenak, hodi zaharra berri batengatik ordezkatuz; izan ere, ura zekarren hodia zuhaitzen sustraiz beteta zegoen eta, ondorioz, ezinezkoa zen ura iturrietara iristea.
Egindako konponketaren ostean, urte batzuetarako ura bermatuta daukate aipatutako iturriek.