Gizonentzako sentsibilizazioa eta prestakuntza

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2016ko api. 12a, 09:41

Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakunde) bultzatzen duen GIZONDUZ programak gizonen parte hartzea handitu nahi du emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean, ikastaro ezberdinen bitartez.

Soraluzeko Udalaren Berdintasun Sailetik jakinarazi nahi dizuegu 2016. urteko sentsibilizazio eta prestakuntza programa hasiko dela GIZONDUZ ekimenaren baitan. Ekimen hau Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatutakoa da eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde gizonen parte hartze handiagoa sustatzea du helburu.

Beren beregi gizonentzako ikastaroak dira, banaka zein taldean, emakumeen eta gizonen berdintasuna zer den eta arlo pertsonalean, sozialean eta profesionalean berdintasunaren alde zer egin dezaketen jakin nahi dutenentzat, horri buruzko prestakuntza jaso edo horretan sakondu nahi dutenentzat. Hori guztia, emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko aldaketa soziala sustatuko duten eragile izan daitezen.

Gizonduzek, prestakuntzaren bidez, helburu hauek lortu nahi ditu:

Genero teoria eta haren ondorioak ulertzea eta horien kontziente izatea.

- Mugimendu feministaren historia eta borrokaren gaineko ezagutza eta aintzatespena sustatzea.

Taldean eta indibidualki, gizonek gaur egungo sisteman duten sozializazio-prozesua ezagutzera ematea eta identifikatzea.

- Egitura matxista horren ondoriozko ideia, pentsamendu, jarrera eta jokabideetarako beste aukera batzuk identifikatzeko bide ematea.

- Berdintasunaren alde gizonen lanean dauden antolaketa-esperientziak ezagutzera ematea.

Gizonduzen sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak bi prestakuntza modalitate ditu: banakakoa eta taldekoa eta kolektiboetakoa. Gizonduz programaren prestakuntza osoa doakoa da, eta aurrez aurrekoa, onlinekoa eta mistoa izan daiteke.

Prestakuntza-moduluak euskaraz edo gaztelaniaz eman ahalko dira, eskaria zein den ikusita.

Programari buruzko informazioa hemen.

Izena emateko idatzi ondorengo helbidera: