Martxoaren 8a: Erakunde Adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2016ko mar. 8a, 07:42

Elkarretaratazea plazan. / Artxiboko irudia.

Atzo izandako Gobernu batzordean, Udaletxeko alderdi guztiek adostuta, ondorengo adierazpen instituzionala onartu zen Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan.

 

Feminismotik eraldaketa sozialera

 

 

Nazioarteko Egunak aldarri egunak dira, egoera desorekatuak agerian utzi eta eman beharreko aldaketen aldarri eta borroka egunak.

 

Martxoak 8a, emakume langileen borroka testuinguruan kokatzen da, 1908 urtean oihalgintzan prekarioki eta inbisibilizatuki lanean ari ziren emakume langileek grebari eutsi eta EEBBetako hainbat hiritan manifestaldiak burutu zituztenean.

 

Handik hona, emakume-gizon eta borroka feministari esker, asko izan dira emandako urratsak emakume eta gizonen berdintasunaren alde, baina ezin ahantzi dugu ere, gaurko egunean zoritxarrez, leku ugaritan badela eman beharreko pausurik emakumeen eskubide oinarrizkoenak eskuratzeko bidean. Erakunde publiko guztien eginbeharra da, bai eta herritar guztiena ere, emakumeek XXI. mendean pairatzen jarraitzen duten indarkeria salatzea eta bizitza pribatuan zein publikoan emakumeen aurka zuzentzen den indarkeria forma guztiei aurre egitea, besteak beste, emakumezkoen trafikoa eta salerosketa, sexu-esplotazioa, ekonomia- eta ondare-biolentzia eta emakumeen giza-eskubideen kontrako beste edozein ekintza.

 

Gertukoan ere, Euskal Herrian bertan, lege eta araudiek berdintasunaren aldeko marko orokorra ezarria badute ere, badugu eman beharreko urrats ugari. Izan ere, berdintasun faltsuaren diskurtsoak hedatzen dihardu, eta honek, berdintasunaren alde aktibatu beharreko neurriak moteldu besterik ez ditu egiten, egoera irreal bat irudikatuz.

 

Finantza krisiak eragindako murrizketek lehenik, eta ustez bertatik ateratzeko hartutako hainbat neurrik ondoren, azken urteotako jazarpen bortitzena eragin dute jendartearen eskubide oinarrizkoenen galera orokorrean, eta bereziki emakumeen eskubideengan. Eta horrela, diskurtso eta praktiken arteko kontraesanak agerikoak ari dira izaten, parekidetasunaren, ekitatearen eta berdintasunaren esparruan.

 

Soraluzeko Udalak argi du egunerokoa eta guztion lana dela berdintasun erreala lortzeko lanari eustea, erakundeetan eta jendartean, lana eta enplegua baldintza duinetan banatua izan dadin, zaintza lanak partekatuak izan daitezen, afektibitatea eta sexualitatea modu anitzean, libreki eta seguru bizi ahal izan dadin, estereotipoak zein rolak gaindituak izan daitezen, eraso sexual eta sexistak desagertu daitezen, prekarietateak eta pobreziak emakume izena eduki ez dezaten, erabakiguneetan aritzeko aukera berak sor daitezen, besteren artean.

 

Eta hau guztia lortzeko, jendarte eredu berritua eraikitzeko, neurri normatibo, tekniko eta ekonomiko ausartak hartu behar dira, egungo murrizketak alboratuz.

 

Horregatik, 2016ko martxoak 8 honetan, Soraluzeko udalerrian ere badelako zer eginik, ondorengo ebazpen proposamena egiten dugu:

 

EBAZPEN PROPOSAMENA

 

1.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du gaur egun dagoen udal berdintasun zerbitzua mantentzeko eta etorkizunean Berdintasun Saila sortzeko aukerak aztertzeko.

 

2.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du, urtean zehar, emakumeen zein mugimenduen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa bultzatzera bideratutako jarduerak, ikastaroak eta tailerrak abian jartzeko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.

 

3.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du sortzen dituen idazki guztietan hizkuntza ez sexista eta inklusiboa erabiltzeko.

 

 

4.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du diru-laguntzetan genero klausulak mantentzeko.

 

5.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du Biolentzia Matxistaren kontrako protokoloa abian jartzeko, herriko emakume eta eragile eta talde feministekin elkarlanean.

 

6.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du herriko puntu beltzen mapa egiteko, herriko emakume eta talde feministekin elkarlanean.

 

7.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du herriko jai eta ospakizunetan parte hartze parekidea landu eta sustatzeko, herriko taldeekin elkarlanean.

 

8.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du udal eskumeneko sail guztietan generoa zehar-lerrotasunez lantzeko.

 

9.- Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du II. Berdintasun Planean jasotako ekintzak aurrera eramateko.

 

10.-Soraluzeko Udalak, konpromisoa hartzen du genero berdintasunaren alde lan egiteko emakumezkoen egoera profesionala hobetzea babesteko zerbitzuen kontratatzaile eta hornitzaile den aldetik, eta emakumezkoek ekonomiari egiten dioten ekarpena aitortzeko.

 

11.- Soraluzeko Udalak, dei egiten du emakume eta talde feministek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko.

 

 

Soraluzen, 2016ko martxoaren 8an.