Etxegabetze kasuetarako protokoloa onartu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2016ko ots. 1a, 10:00

Urtarrilaren 27an izandako udal batzarrean, aho batez, onartu zen etxegabetze kasuetan jarraitu beharreko udal protokoloa.

Protokolo hau onartzea aurreko legealditik pendiente zegoen gaia da. Udalak, 2013an, Stop kaleratzeak plataformak aurkeztutako mozioa onartu zuen. Bertan adostu zen, kaleratze kasuetarako udal-protokolo bat egin eta onartzeko konpromisoa hartzea.

Ia, hiru urte ondoren, Soraluzek badauka etxegabetze kasuetarako protokolo bat. Gainzorpetzeagatik ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan dauden pertsona edo familiei, eta beraz, gizarte bazterketa egoeran izateko arriskuan daudenei konponbidea eskaintzea da helburu nagusia. 

Jarduera protokolo hau bapateko egoera ekonomiko baten ondorioz ohiko etxebizitzaren etxegabetzea gertatzen denean ezarriko da, beti ere, etxebizitza hori pertsona horrek jabetzan duen higiezin bakarra baldin bada.

Protokoloa ez da ezarriko ageriko gehiegikeria edo zabarkeria ekonomikoa erakusten duten kasuetan. Kasu honetan, pertsona hauek Udal Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dira.

Prozesuak dirauen bitartean etxebizitzari irtenbide bat aurkitzen saiatuko da, bai finantza entitateekin hitz eginez familia bere etxean gelditzeko, edota, egin behar diren gestioak eginez, alokairu sozialeko etxebizitza publiko bitartez posible den kasuetan. Laguntza ekonomikoak emateko beharrezko kudeaketak ere egingo dira.

Interesa adierazten duten pertsona guztiei protokoloaren gaineko informazioa emango zaie Udalaren partetik eta webgunean ere irakurgai izango da. Azkenik, etxegabetze kasuetan, hauen ebaluazio edo diagnostikoa egiterakoan, udaletxeko gizarte zerbitzuak izango dira azkenengo hitza izango dutenak.