Aurrerapauso garrantzitsuak egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze bidean. Azken urte hauetan, euskarak hazkunde prozesua izan du, eta, neurri handian, biziberritu egin da. Hiru izan dira prozesu horren zutabe nagusiak: herritar askoren engaiamendua euskararekiko, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.
Soraluzeko Udalak 2015eko abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginarengatik. Euskararen biziberritze prozesua elikatu duten eta elikatzen segitzen duten pertsona horiek, eta haien guztien gogoa, kemena eta ahalegina aitortu eta omendu nahi ditugu.
Udalak berretsi nahi du herritar eleaniztunak lortzeko helburua, uste baitu eleaniztasunak eragin ona duela gure gizartearentzat, bizikidetza demokratikoari eta gizarte-kohesioari begira. Bide beretik, Udalak erraztasunak bilatuko ditu euskararen ezagumendua helarazteko ikasi nahi duten guztiei.
Halaber, Udalak konpromisoa hartzen du euskararen erabileran normalizazioan urrats sendoak egiten jarraitzeko. Aurrera begira, erabilera baita gakoa eta Udalak hitz ematen du aukera berriak irekiko dituela euskara erabiltzeko, eta horretarako, errespetatuko dituela hiztun guztien hizkuntza-eskubideak eta euskaraz egiteko askatasuna.
Erakundeei eta herritarrei dei egiten diegu elkarrekin aurrera segitzeko. Euskararen aldeko egoeran euskara da, beste ezer baino lehen, hizkuntza garaikidea, berritzailea eta gaurkotua, gure gizarteak erabiltzen eta sustatzen jarraitu behar duena.
Udalak dei egiten die euskal herritar guztiei parte har dezaten bertan eta nazioartean euskara sustatzearen alden abenduaren hiruan antolatzen diren ekitaldietan.