Batutako 1257 sinadurei bide emanez

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2015ko aza. 23a, 08:35

sinadurak Ertzantza

Aurreko astean "tokiko eremuko polizia koordinazio batzordea" izan zen Bergarako Ertzain etxean. Bileran udalerrietako alkateek eta udaltzainburuek hartu zuten parte.


Bergarako Polizia-etxeak Deba eta Urola bailarak hartzen ditu bere gain. 530 km2-tako azalera duen eremua kudeatzen du, 100.000 pertsonari zerbitzua emanez, 247 ertzainen bitartez.


Koordinaziorako bileran, Soraluzeko Alkatea den Iker Aldazabalek, berriz ere, Ertzaintzari  udalerrian osoan zehar bere zaintza areagotzeko eskatu dio, eta bereziki, herriko alde zaharrean. Eskaera, azken asteotan herritarren artean batutako 1257 sinaduretan oinarritu du. Modu honetanm Bizikale herriko merkataritza elkarteak sustatu eta bultzatutako sinadura bilketari bide eman dio.

 

Ertzain etxetik jakinarazi dute, kontutan hartuko dutela Soraluzeko herritarrek egindako eskaera eta neurriak hartuko dituztela etorkizuneko lapurretak eta delituak saihesteko, gaineratuz eskaera ez dela gauza berria, beraien jardunaren ildo nagusitzat baitaukate herrietako alde zaharretan zaintza areagotzea eta ikuskaritza lanak egitea.

 

Bestalde, gaineratu dute, herritarren aldetik osagarritasun bat ere egon behar duela. Hau da, Ertzaintzak hartuko dituela hartu beharreko neurriak baina herritarrek ere segurtasun neurriak areagotu behar dituztela. Besteak beste, alarma sistemak ipini, ate eta sarrailak sendotu, kamerak eta burdin barrak ipini, etab.


Berebiziko garrantzia eman diote lapurretaren bat edota delitu bat gertatzen den kasuetan salaketa ipintzeari. Salaketarik ez bada ipintzen estatistiketan ez da azaltzen eta gertatu ez balitz bezala izaten da. Ondorioz, zailtasunak izaten dituzte neurriak hartu eta areagotzeko orduan.


Azken boladan Soraluzen gertatu diren delituak "lekualdatzen diren delitu bezala kalifikatzen dituzte" Batzuetan udalerri batean gertatzen dira eta ondoren ondoko udalerrian. Normalean, antolatutako taldeak izaten dira delitugileak, Bilbo handitik eta bere inguruetatik etortzen direnak.

 

Soraluzen, 2015ean zehar eta urria bitartean, ondorengo delituak gertatu dira:


Lapurretak Etxebizitzetan: 5
Lapurretak Toki itxietan( Taberna, denda, garaje.etb): 9
Lapurretak Enpresetan:2
Askatasun sexualaren aurkako delituak : 1 ( Erasotzailea atxilotua izan da)
Erailketak:0
Lapurretak biolentzia edo beldurra eraginez: 1


Guztira: 18 delitu.

 

Azkenik, jakinarazi dute era hauetako delitu bat gertatzen denean eta denboran maiztasunez errepikatzen badira, hedabideetan isla zuzen eta garrantzitsua izaten dutela. Herritarren artean, alarma soziala sortuz. Baina azpimarratu nahi dute, herritarrak lasaitzeko asmoz, Gipuzkoako lurralde historikoko krimen-tasa baxua dela.